AKTUALITATEA


| 2022-03-03 13:21:00

EH Bilduren legez besteko proposamen bat onartuta, Legebiltzarrak Gobernu espainolari eskatu dio beharrezkoak diren mekanismoak indarrean jar ditzala ikertzeko eta argitzeko zer nolako ardura politiko eta penala izan zuen Rodolfo Martin Villak, 1976tik 1979ra bitartean Espainiako Barne ministroa izan zenak, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gizateriaren aurkako krimenetan. Egun hartan, Polizia Armatuak bost langile –Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda– hil egin zituen Arabako hiriburuan burutzen ari ziren langile mobilizazioetan, bai eta beste ehunka zauritu ere. EH Bilduren proposamena Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoarekin eta EAJren abstentzioarekin onartu da; PSE, ordea, kontra agertu da, PP eta Voxekin batera.

Duela gutxi, urtarrilean, Martin Villak berak krimen haien arduradun politiko eta penala izan zitekeela aitortu zuen publikoki, baina garai hartako Gobernuaren jarduna aldarrikatu zuen. Adierazpenok gaitzetsi ditu Legebiltzarrak, bat egin du ministro ohia Argentinan epaitzeko Maria Servini epailearen autoarekin eta Justizia espainolari Argentinakoarekin elkarlanean aritzeko eskatu dio, giza eskubideen aldeko nazioarteko legediaren eta justizia unibertsalaren printzipioen arabera Martin Villari egotzitako delituek preskribatzen ez dutelako. Izan ere, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez, Martin Villak inputaturik jarraitzen du Argentinan Trantsizioan gertatutako 12 hilketagatik, haien artean martxoaren 3koak eta German Rodriguezena, 1978ko sanferminetan.

Arzuagak EAJren abstentzioa deitoratu du, martxoaren 3ko biktimei justizia ematea bakarrik bilatzen duen gaurko ekimena babesteari uko egin baitio. Legebiltzarkideak ironiaz erantzun die jeltzaleei, Urkulluren Gobernuaren zinismoa agerian uzteko: “Diotenez, biktimen gobernua da eta ez dago lehen eta bigarren mailako biktimarik, baina gaur bere kideak edo abstenitu dira, EAJkoak, edo kontra bozkatu dute, PSEren kasuan”.

PSEk emandako kontrako botoari dagokionez, alderdi horren koherentzia falta kritikatu du. “Sozialista eta langiletzat hartzen du bere burua, baina gizateriaren aurkako delituak jasan zituzten eta gaur justizia eta egia eskatzen duten langileak abandonatu ditu gaur. Hori koherentea da, aldiz, Servini epaileak irekitako auzian ez deklaratzeko Martin Villak jaso dituen babesekin: Felipe Gonzalez, Rodriguez Zapatero eta UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusi ohi batzuk”.