AKTUALITATEA


| 2021-04-29 14:41:00

EH Bilduk Arabar Errioxako upategi txiki eta familiarren aldeko akordio zabal bat sustatu du gaur Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin eta, hala, Ganbarak upategi horientzako “diru-laguntza zuzenen lerro espezifiko bat azter dezala” eskatu dio Jaurlaritzari, “funtsezko eragile sozioekonomikoak direlako eskualdearen garapenerako eta bertako herrien iraupenerako”. Akordioaren arabera, laguntzak “ardogintzaren sektorearen errealitatera eta, bereziki, enpresa ertain-txikietara eta mikroenpresetara egokitu” beharko ditu Lakuak, eta bestelako neurriak ere aztertuko ditu upategi horien bideragarritasuna bermatze aldera.
Itxaso Etxebarriak azpimarratu duenez, gaurko akordioak diru-laguntzak banatzeko orain arte aplikatutako irizpidea aldatzea ekarri behar du ezinbestean. Izan ere, azken bost urteotan Jaurlaritzak 58 milioi euro banatu ditu Arabar Errioxako upategien artean, baina enpresa handiak izan dira onuradun nagusiak. “Bost enpresa handik laguntzen %62 jaso duten bitartean, 80 upategi txiki eta familiarrek %7 baino ez dute jaso. Datu horiek eskandalagarriak dira eta argi uzten du diru-laguntzak banatzeko erabili diren irizpideak ez direla ez justuak, ez egokiak; beste era batean banatzea ezinbestekoa dela”.
Pandemiaren ondorioz ardogintzan galerak orokorrak direla gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, baina krisiak upategi txiki eta familiarrak astindu ditu bereziki, “kantitatea baino gehiago kalitatea lehenesten dutenak”. Zentzu horretan, koalizioak sustatutako akordioari esker, Legebiltzarrak Arabar Errioxako ardoen kontsumoa bultza dezala eskatu dio Jaurlaritzari. “Horretarako, horiek bereiztea sustatuko da, bai eta upategi txikien presentzia kanal ezberdinetan zabalduko ere”. Halaber, “produktu horien nazioartekotze-prozesua bultza dezala eta sektoreko enpresak digitalizatzen lagundu dezala” eskatu dio, “merkataritza elektronikoaren aukera guztiak eskuratzeaz gain, negozioen kudeaketa hobetzeko digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak balia ditzaten”.
2018an 18 upategi itxi ziren Arabar Errioxan, beste 20 desagertu ziren 2019an eta, guztira, 400 baino gehiago dira azken 25 urteotan galdu direnak, ohartarazi du Etxebarriak. Horren ildotik, upategi txiki eta familiarrak babestu beharra aldarrikatu du,  funtsezkoak baitira eskualdearen garapenerako. “Gero eta lur gehiago dago enpresa handi gutxi batzuen eskuetan, espekulazio prozesu izugarria da, eta horrekin batera eskualdea populazioa galtzen ari da urtetik urtera, bertako jendeak ez duelako etorkizunik ikusten, ez duelako ikusten nola bizi duintasunez. Horren aurrean, argi dago upategi txiki eta familiarren arrakastak berebiziko garrantzia izan dezakeela Arabar Errioxako garapenari begira, upategi horiek direlako herriak hezurmamitzen dituztenak, bertako betidaniko bizimodua babestu eta etorkizuna berma dezaketenak”.