Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduren bi lege proposamen eztabaidatzeari uko eginda, Lakuak elkarlanean aritzeko borondate falta agerian utzi du berriz ere


Jaurlaritza ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari eta euskara doan ikasteko eskubideari buruzko legeak tramitatzearen aurka azaldu da. EH Bilduren iritziz, “atzerapausoa nabaria, larria eta adierazgarria da, pasa den legealdiak bi proposamenak tramitera onartu zirelako”.

| 2020-10-13 15:16:00

Ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamena eta euskara doan ikasteko eskubidea arautzekoa, biak EH Bilduk aurkeztuak, tramitatzearen eta eztabaidatzearen kontra agertu da gaur Jaurlaritza eta, hala, auzolanaren eta elkarlanaren alde egiten duen diskurtsoa itxurakeria baino ez dela frogatu du berriz ere; argi dago Urkulluren Gobernuan ez dagoela oposizioarekin elkarlanean aritzeko inolako borondaterik eta hau arrabolaren legealdia izango dela.
Nerea Kortajarenak salatu duenez, “Jaurlaritzaren atzerapausoa nabaria, larria eta adierazgarria da”; izan ere, hauteskundeak aurreratzeak tramitazioa guztiz burutzea galarazi zuen arren, pasa den legealdian EAJk eta PSEk tramitera onartu zituzten orain eztabaidatu ere egin gabe atzera bota nahi dituzten bi lege proposamen horiek. “Zer aldatu da orain proposamen horiek aintzat ez hartzeko?”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “bereziki larria da ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko legea baztertzea. Lakuak dio orain bulego hori ez dela beharrezkoa, nahikoa mekanismo daudela horretarako, baina errealitatea oso ezberdina da: Gobernuak urrats bat ere ez du eman norabide horretan. Pasa den legealdian gure proposamena arrazoizkoa baldin bazen, zergatik ez orain, harrezkeroztik egoera ez bada ezertan aldatu? Erantzuna argia da: ez EAJk, ez PSEk ez dute ustelkeriaren aurka egiteko benetako borondaterik”.
Euskara doan ikasteko eskubidea bermatzeko lege proposamenari dagokionez, Kortajarenak azaldu du oraindik benetako doakotasunetik urrun gaudela, Jaurlaritzak norabide horretan aurrerapauso bat eman duen arren. “Guk C1 mailara arte doan ikasteko eskubidea bermatzea proposatzen dugu, eta ulergaitza da EAJk horretaz eztabaidatzeko aukera bera ere errotik moztu nahi izatea. Gaur egun B2ra arte dagoen doakotasuna teorikoa da, erreala baino, ikasleek tasa guztiak ordaindu egin behar dituztelako hasieran; gero Gobernuak dirua itzultzen die, baina, noski, egoera zaurgarrian dauden herritar askok ezin diote aurre egin hasierako ordainketari eta, ondorioz, ez dira matrikulatzen; hau da, kasu askotan Gobernuaren planteamenduak ez du balio ustez dituen helburuetarako”.