AKTUALITATEA


| 2019-12-12 15:02:00

EH Bilduren proposamen bat aintzat hartuta, Legebiltzarrak agindu zehatza eman dio Jaurlaritzari, alegia, EHUko doktoratu aurreko programako soldatak ezartzen dituen Hezkuntza Sailaren agindua berehala aldatu dezala, ikertzaile bekadunek “2013tik indarrean dauden murrizketen ondorioz galdutako eroste-ahalmena berreskura dezaten”. Praktikan, horrek esan nahi du 2020an ikertzaile horien soldata %7tik 9ra igoko dela eta kasu batzuetan, atzerrian aritzen diren ikertzaileen kasuan zehazki, igoera %40raino iritsiko dela. EH Bilduren proposamena atzo arratsaldean, azken orduan, onartu zen Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean Podemos eta PPren botoekin. EAJ eta PSE, aldiz, kontra agertu ziren.
Nerea Kortajarenak azpimarratu duenez, EH Bilduk EHUko ikertzaile bekadunentzat sustatutako soldata igoera Gobernuaren eta Podemosen arteko aurrekontu-akordioan aurreikusitakoa baino askoz handiagoa da. Izan ere, euren negoziazioan ez dute inolako igoerarik planteatu 2020rako, eta 2021erako aurreikusten dutena %5ekoa baino ez da.
Kortajarenak gogora ekarri du Lanbidek argitaratu berri duela txosten bat, non ohartarazten duen tituludun berrien soldatak oraindik krisiaren aurretiko soldaten azpitik daudela. Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak “neurri batean egoera horren erruduna izatea” egotzi dio Jaurlaritzari, “EHUko ikertzaile bekadun gehien-gehienak tituludun berriak direlako” eta, horri jarraituz, 2013ko murrizketak bertan behera uzteak duen garrantzia azpimarratu du, “Gobernuaren menpeko pertsonal ikertzailearen soldatak hobetzeak EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatearen deialdietan berdin egitea ekarriko duelako halabeharrez”.