AKTUALITATEA


| 2021-06-22 11:16:00

“Agerikoa da COVID-19aren pandemiak inpaktu zuzena izan duela, izaten ari dela eta izango duela herritarren osasun emozional zein mentalean, eta inpaktu hori bortitza izaten ari da kasu askotan, Osasun Sailak berak emandako datuek erakusten dutenez”. Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkideak inpaktu hori aztertzea eta diagnostiko bat egitea proposatuko du etzi Osoko Bilkuran. “Diagnostiko zabal eta sakon bat alorreko eragile eta profesionalen eskutik, berariazko egoera eta kolektiboak kontuan hartuta. Jakin behar dugu zehazki zer gertatu den, zer gertatzen ari den, eta zer espero dezakegun. Egoeraren argazki on bat izatea ezinbestekoa izango da gure osasun sistema egokitu ahal izateko, neurriak hartzeko, tamainako erantzuna emateko”.

Garderen aburuz, diagnostiko hori are premiazkoagoa da kontuan hartuta udazkenean Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege Proiektua aurkeztuko duela, “lege horrek, besteak beste, Osasun Mentala indartzeko balio behar duelako”.

Datuek horren premia erakusten dute, bai eta “egoera oso larria eta kezkagarria” dela ere. “2020an suizidioek %27 egin zuten gora. 187 pertsonek bere buruaz beste egin zuten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, azken lau urteotako zifrarik altuena. Hau da, gurean bi egunetik behin pertsona bat suizidatzen da. 2019tik 2020ra bitartean Osasun Mentaleko kontsultek ere gora egin zuten nabarmen, ia %13 gehiago, eta azken hilabeteotan profesional askok ohartarazi dute haur eta gazteen kasuan gainezka egon direla larrialdiak, unitateak eta zerbitzuak. Kasu askotan bikoiztu egin dira elikadura-jokabidearen nahasmenduak, bereziki nesken eta emakumeen artean, eta, orokorrean, depresio eta antsietate kasuek gora egin dute haur, nerabe eta gazteen artean”.

Suizidioak eta kontsultak ugaritzeak ez du ekarri, hala ere, Osakidetzak ematen duen erantzuna indartzea. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “datu ofizialen arabera, azken hamarkadan Osasun Mentalak pisua galdu du osasungintzako aurrekontuetan. Zehazki, %10 egin du behera Osasun Sailak Osasun Mentalari bideratzen dion aurrekontuaren portzentajeak”.