Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk ostalaritzaren egoera kritikoaz ohartarazi eta babes neurriak premiaz hartzeko eskatu dio Lakuari


Iker Casanovaren iritziz, Jaurlaritzak alternatiba bat eskaini behar dio sektoreari. Pandemiak eragindako “osasun murrizketekin ostalaritzak ez du bizirauteko gaitasunik, negozio aukerak guztiz mugaturik dituelako”.

| 2020-10-16 15:51:00

EH Bilduk ostalaritza eta merkataritza babesteko berehalako neurriak har ditzala eskatu dio gaur Jaurlaritzari, sektore horien egoera larria delako eta are larriagoa izango delako datozen hilabeteotan, Iker Casanovak ohartarazi duenez. “EAEko enplegu osoaren %20 sortzen duten sektoreak dira eta pandemiak kaltetuenak dira; taberna eta denda asko ixten ari dira Gobernuaren inakzioaren aurrean, eta hori da saihestu nahi duguna”.
EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du neurriak jada hartzea, zeren eta “zer gertatuko da bihar ostalaritza ixtea erabakitzen bada, Katalunian bezala? Zintzilik utziko ditugu? Eta muturreko egoera horretara heldu gabe ere, egungo osasun murrizketekin ostalaritzak ez du bizirauteko gaitasunik, negozio aukerak guztiz mugaturik dituelako. Zein da Jaurlaritzak eskainiko dien alternatiba?”. Casanovak sektorea babesteko eskura dituen baliabideak ez erabiltzea egotzi dio Urkulluren Gobernuari: “Oso gutxi egin duzue eta gehiago ez egitea erabaki duzue, nahiz eta gehiago egiteko ahalmen politiko, juridiko eta ekonomikoa duzuen. Neurriak hartzeko obligazioa duzue, arazoa orain gertatzen ari delako eta are okerragoa izango delako aurrerantzean”.
Horren haritik, merkatariek eta ostalariek instituzioen babesa jasotzeko eskubidea dutela aldarrikatu ostean, legebiltzarkide independentistak ezbaian jarri ditu Lakuak sektoreari laguntzeko hartutako neurriak. Salatu duenez, autonomoentzako laguntzak 11 ordutan agortu ziren, eskarien %60 kanpo utzita (Jaurlaritzaren erantzun ofiziala atxikita), eta bonodendak finantzatzeko 3,7 milioi euro bideratu ditu Gobernuak, duela hiru urte egoera normalizatu batean bi milioi izan zirenean. “Egun dugun arazoaren tamainarekin alderatuta, igoera hori ez da batere proportzionala, inondik inora”.