Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk mezu eta neurri kontraesankorretatik harago joateko eta birusari aurre egiteko baliabideak handitzeko eskatu dio Jaurlaritzari


“Ohitura aldaketak beharrezkoak izanik ere, ez dira nahiko”, ohartarazi du Rebeka Uberak. Txertaketa kanpaina azkartzeko Osakidetzan langile gehiago kontratatzea eta 6 urtetik 79 urtera bitarteko herritar guztiei PCR probak egitea proposatu du. Proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean.

| 2021-01-10 16:26:00

EH Bilduren iritziz, pandemiari aurre egiteko ezinbestekoa da mezu eta neurri kontraesankorretatik harago joatea eta adosturiko estrategia kolektibo batean oinarritutako neurriak hartzea, besteak beste, Osakidetzaren baliabideak handitzeko. Rebeka Uberak adierazi duenez, “Osakidetzan badago non eragin, zer indartu eta zer hobetu; Jaurlaritzak ohitu gaituen neurri batzuk beharrezkoak izanda ere, ezin dira neurri bakarrak izan, eta ezin daiteke neurriak etengabe aldatzen aritu osasun egoera kontuan izan gabe; egoera honetan neurri proaktiboak ere nahitaezkoak dira birusari aurrea hartu ahal izateko. Jaurlaritzak bere ardurak bere gain hartu behar ditu, herritarrei ardurak eskatzen eta nahasten aritu beharrean. Bestela, orain arte bezala jarraituko dugu, birusaren atzetik, ondorioei erantzuten, Gobernuaren estrategiak horretara eraman gaituelako”.

Hori dela eta, koalizioak legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean norabide horretan, premiaz eztabaidatzeko. Txertaketa kanpaina ahalik eta azkarren egitea premiazkoa delakoan, Osakidetzak langile gehiago kontratatu ditzala proposatu du EH Bilduk. Zehazki, erizain kopurua handitzea planteatu du Uberak helburu horrekin, bai eta aztarnarien ekipoak, laborategiak eta laginak jasotzeko ekipoak indartzea ere, horrek covid-19aren detekzioa eta kontrola hobetzea ekarriko duelako. “Finean, Jaurlaritzak dagokion ardura bere gain hartzea eta birusari aurrea hartzeko neurriak indartzea planteatzen ari gara; Osakidetza Covid-19 ez den jarduerari ere behar bezala erantzuten hasteko moduan egongo da horrela”.

Halaber, 6 urtetik 79 urtera bitarteko herritar guztiei PCR probak egitea proposatu du, koronabirusaren intzidentzia tasarik altuenak dituzten udalerrietatik hasita. Uberaren esanetan, “baheketa masiboak egitea komeni da –noski, betiere helburu eta planifikazio baten baitan– birusari aurrea hartu ahal izateko, ahalik eta positibo gehien berehala atzemateko, bistakoa delako Jaurlaritzaren estrategia ez dela kutsatze kopurua murriztea lortzen ari eta, gainera, datuak are okerragoak izango direlako datozen egun eta asteotan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berak aitortu duenez”. Baheketa masiboak egitea beharrezkotzat jo du EH Bilduko legebiltzarkideak, beraz, “betiere testeo, jarraipen eta zaintza epidemiologiko estrategia eraginkor baten baitan eta bitartekoak indartuz eta gizarte bezala dugun inteligentzia kolektiboa elkarlanean jarriaz”.