AKTUALITATEA


| 2021-11-16 14:55:00

Legebiltzarrak Jaurlaritzaren “Industria Garatzeko eta Nazioartekotzeko Plana 2021-2024” du gaur eztabaidagai, Ekonomiaren Garapen sailburu Arantxa Tapiak ekarrita. EH Bilduk erretiratzeko eskatu dio “guztiz etsigarria” delako, Iker Casanovak kritikatu duenez. Bere hitzetan, “planak ez ditu euskal industria garatzeko beharrezkoak diren helburuak zehazten eta ez ditu eraldaketa industrialerako dinamikak norabide egokian jartzen; kale egiten du arlo kuantitatiboan eta kualitatiboan, bai eta antolakuntzari dagokionean ere. Azken urteotako topiko eta politika berberak errepikatzen ditu; alegia, gure ehun industriala ahuldu eta sektorea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinean (BPG) pisua galtzera eraman dutenak”.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Tapiak aurkeztutako plan horrekin Lakua industria suspertzeari uko egiten ari zaio, bide horretatik sektoreak ez duelako BPGn pisua irabaziko. “Azken urteotako joera negatiboa ‘industria eta zerbitzu aurreratuak’ izeneko adierazle berri baten atzean mozorrotzen saiatzen ari da; euskal ekonomian industriak gero eta pisu txikiagoa duela ezkutatzeko estrategia bat besterik ez da”.

Gainera, erantsi du Casanovak, planari anbizioa falta zaio Ikerketa eta Garapenaren atalean. “Ikerketa eta Garapena euskal industriaren etorkizunaren bihotza da, baina planak uko egiten dio arlo horretan egiten den inbertsioa BPGren %3ra igotzeari; hau da, Europar Batasunak gomendatzen duen helburuari”.

Jaurlaritzak ez bezala, EH Bilduk industria eredu berri baten beharra aldarrikatu du. Casanovak azaldu duenez, “herri izaera izango duen eredu bat, soziala, berdinzalea, teknologikoa, ekologikoa eta eraginkorra, faktore horiek guztiak aintzat hartu behar ditugulako etorkizuneko euskal industria eraikitzeko; bultzada berri bat eman behar zaio industria politikari bestelako ardatz eta helburuak oinarri hartuta, anbizio eta baliabide gehiagorekin”.

Horri begira, koalizioak 67 proposamen ipini ditu gaur mahai gainean industriak azken urteotan galdu duen pisua berreskuratzeko, berriro ere BPGren %28 izan dadin, 2008an bezala. Halaber, Ikerketa eta Garapeneko inbertsioa BPGren %3ra igotzea hartu du helburutzat.

Casanovak planteatu dituen neurrien artean honako hauek daude, besteak beste: lan erreforma indargabetzea, 800 milioi euroko inbertsio funts publiko bat sortzea Administrazioa enpresa estrategikoetan sartu ahal dadin euren errotzea bermatzeko, industria deskarbonizatzeko plan bat eta neurri ugari gehiago sektorean lan baldintzak hobetzeko.