AKTUALITATEA


| 2022-03-16 12:30:00

EH Bilduk proposamen sorta bat ipini du gaur mahai gainean Ukrainako gerrak euskal enpresetan zein familietan eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko asmoz, eta helburu horrekin batzorde berezi bat sortzea proposatu du Legebiltzarrean, gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak partekatzeko eta herri bezala elkarlanean aritzeko. Proposamen hori bihar bertan eztabaidatuko da osoko bilkuran eta, Nerea Kortajarenak adierazi duenez, ulergaitza litzateke beste taldeek atzera botatzea, “salbuespeneko egoera honetan, ezegonkortasuna, beldurra eta segurtasun falta dagoen garai honetan, jendeak ziurtasunak behar dituelako, eta ordezkari politiko eta instituzional ezberdinok egin dezakegun ekarpena elkarrekin aritzea da, guztion artean, herri bezala, erabakitzeko nola aurre egin gerrak sortu duen errealitate gordin horri”.

Kortajarenak Urkulluk duela egun gutxi esandakoa ekarri du gogora: “Gerra ekonomia baterako prestatu behar dugula esan zuen, eta ematen du modu horretan herritarrei murrizketak pairatzeko eta gerrikoa estutzeko prestatu daitezela esaten ari zaiela. Guk, ordea, argi dugu gerraren ondorioen zama ezin dugula herritarren eta enpresen bizkar utzi, zama hori jasanezina baita. Gerraren ekonomiaren aurrean, guk bakearen, babesaren eta segurtasun bitalaren ekonomiaren alde egiten dugu, ekonomia, enplegua eta ongizatea babesteko eta energiarako sarbidea bermatzeko”.

Bada, babes eta ziurtasun esparruak bermatzea helburu, EH Bilduk hainbat neurri proposatu ditu lau ardatzen baitan: ekonomiaren babesa, enpleguaren babesa, ongizate energetikoaren babesa eta, finean, jendearen babesa. Iker Casanovak eman ditu ezagutzera:

Ekonomiaren babesa:

  1. Mailegu bigunen lerro bat sektore elektro-intentsiboetan aritzen diren enpresentzat, bereziki prezioen gorakadaren ondorioz zailtasunak dituzten enpresentzat.
  2. Laguntza zuzenak erregaiekiko menpekotasuna duten sektoreentzat (nekazaritza, arrantza, garraioa…).
  3. Funts berezi bat krisiaren ondorioz jarduna eten behar izan duren enpresentzat.

Enpleguaren babesa:

  1. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak eta autonomoentzako babes mekanismoak epemugarik gabe luzatzea.
  2. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak osatzeko laguntzak birformulatzea.

Ongizate energetikoaren babesa, herritar guztiei oinarrizko hornidura energetikoa bermatzeko:

  1. Bonu bat sortzea galdara komunitarioen gas fakturaren ezohiko igoera konpentsatzeko, eta bono horiek gutxieneko ongizate energetikoa bermatzeko beharrezkoa duten erabiltzaile guztiei zabaldu behar zaie.
  2. Laguntza lerro berezi bat gas galdarak kentzen joateko eta, horien ordez, berokuntza sistema alternatiboak ipintzeko, aerotermia, adibidez.
  3. Gasa elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistematik kanpo utzi behar da. Horrek prezioa jaistea ekarriko luke automatikoki.
  4. Administrazioak mekanismoak ezarri behar ditu konpainia energetikoek gehiegizko etekinak, zilegi ez direnak, itzul ditzaten. Horrekin lotuta, zergak igo behar zaizkie argindarraren garestitzea konpentsatzeko.

Jendearen babesa:

  1. Diru sarrerak bermatzeko errentaren eta gainontzeko prestazio sozialen zenbatekoaren errebisio urgente bat.
  2. Prestazio guztietarako sarbidea malgutzea. Gehienezko diru-sarreren langa igo behar da, babes sistema herritar gehiagorengana iritsi dadin.