AKTUALITATEA


| 2022-10-04 13:03:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Gernikako Ospitalean bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programa hobetzeko. Rebeka Uberak azaldu duenez, “mamografoa gutxiegi erabiltzen da Gernikan, ez zaio behar besteko etekina ateratzen, detekzio proba gehiago egiteko aukera egon badagoelako; aski litzateke arratsaldez ere probak egitea”. Horixe da, hain zuzen, EH Bilduk eskatu duena, detekzio proba horiek arratsaldeko txandan ere egitea, horrek itxaron zerrenda murriztea eta detekzio goiztiarrerako programaren emaitzak hobetzea ekarriko lukeelakoan.

Alde horretatik, Uberak gogora ekarri du Europako Osasun komisarioak bularreko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programetan adin tarteak zabaltzeko eskatu duela. Bada, horri jarraituz, EH Bilduk programa hori 45 eta 74 urte arteko emakumeei zabaltzea azter dezala eskatzen dio Osasun Sailari. Izan ere, Jaurlaritzaren Onkologia Planaren arabera, emakumeen artean bularreko minbizia da eragin handiena duena.