AKTUALITATEA


| 2020-07-16 11:26:00

Hauteskunde kanpaina osoan zehar Urkulluk murrizketak behin eta berriz ukatu arren, Hezkuntza Sailak giza baliabideak murriztu ditu dagoeneko non eta euskararen normalizazioaren arloan. Izan ere, Hezkuntza Sailak Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzeko Programan (Irale) dauden 84 langileen herena baino gehiago zerbitzutik kanpo utzi eta ordezkapen zerrendetara bidaliko ditu. EH Bilduren iritziz, “datorren ikasturtean irakasle askok erretreta hartu behar dutela kontuan hartzen badugu, murrizketak latzak dira, Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzua eta, oro har, euskararen normalizazioa hezkuntza eremuan euskarririk gabe uzten dituelako”.

Larria da, koalizioak salatu duenez, murrizketak egitea “egoera ezegonkorrean dauden irakasleen aurka eta egoera oso zaurgarrian dagoen euskararen aurka”. Hipokritatzat jo du gainera murrizketen kontrako Urkullu eta EAJren diskurtsoa eta konpromiso irmoa berretsi du euskararen normalizazioaren alde. Horren haritik, Euskara Zerbitzua sendotu eta Irale bezalako proiektuak zabaldu behar direla azpimarratu du.