Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk eskola kirola berriz abian jar dezala eskatu dio Jaurlaritzari


Osasun Sailak ezarritako baldintzak beteaz, eskola kirolak umeen osasunean eragin positiboa izango duela dio Rebeka Uberak.

| 2020-12-29 11:54:00

Rebeka Uberak legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzari eskola kirola berriz ere abian jar dezala eskatzeko. Urtarriletik aurrera burbuiletan eta espazio irekietan eskola kirola ahalbidetzeko eskatu dio zehazki, “aldundi, udal, klub eta federazioekin elkarlanean eta betiere egoera epidemiologikoak eskatzen dituen baldintzak beteaz eta klubekin bete beharreko irizpideak landuaz”. EH Bilduko legebiltzarkideak eskola kirolak umeen garapenean eta osasunean duen garrantzia azpimarratu du. “Osasun larrialdian egonik, osasunaren sustapenean laguntzen duten aktibitateak kontuan izan behar dira eta, Osasun Sailak ezarritako baldintzen arabera, burbuiletan, ikastetxeetan eta espazio irekietan arriskuak mugatuko lirateke eta balizko kutsatzeen jarraipena errazagoa litzateke. Gainera, haur eta gazteek ohitura osasuntsuak eskuratzen lagunduko luke, bai eta sozializatzeko alternatibak eman ere”.

Uberak gogora ekarri du urriaren 22an Legebiltzarrak eskola kirolari lehentasuna ematea adostu zuela eta Jaurlaritzari haren egokitzapena babestu eta laguntzeko eskatu ziola, berme guztiekin garatu ahal izan zedin. Hala ere, akordio hura ezerezean geratu zen biharamunean, Urkulluren dekretu baten ondorioz, eta egun eskola kirolak bazter utzita jarraitzen du. “Jakin badakigu larrialdi egoera honetan jarduera fisikoak garatzeak baldintza eta neurri zehatzak eskatzen dituela, baina beste hainbat eremutan, esparru ekonomikoan batez ere, Gobernuak aurrera egiten du eta aktibitate ekonomikoa baimentzen du baldintza zehatz batzuetan. Agian, baten batek pentsa dezake esparru ekonomikoa ezin daitekeela alderatu aktibitate fisikoaren esparruarekin gauden larrialdi egoeran, baina osasunaren sustapenean laguntzen duten aktibitateak, eskola kirola kasu, kontuan izateak eta egoera epidemiologikoari egokitzeak berebiziko garrantzia du”.