AKTUALITATEA


| 2021-06-15 14:00:00

Pandemiaren aurkako Lege Proposamenaren tramitazioaren baitan, ponentzia parlamentarioak eztabaidatu ditu gaur goizean oposizioko taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak, baina EAJk eta PSEk atzera bota dituzte EH Bilduk aurkeztu zituen 72 zuzenketak, guzti-guztiak. Koalizioak Gobernuko alderdiengana jo zuen pasa den astean, bere ekarpenak onartzeko prest egon zitezkeen esploratzeko, eta erantzuna argia izan da gaur. Ez EAJk ez PSEk ez dituzte legearen edukiak EH Bildurekin adostu nahi.

Rebeka Uberak azpimarratu du EH Bilduren zuzenketek bi helburu nagusi zituztela; bata, osasun sistema indartzea eta egituratzea etorkizunean balizko pandemiei edota osasun larrialdiei ahalik eta hoberen erantzun ahal izateko; bestea, pandemiak kaltetutako sektoreak babesteko neurriak txertatzea legean.

Koalizioaren iritziz, Pandemiaren aurkako Legeak herritarren eskubideak eta egoera ekonomiko eta soziala hartu behar ditu kontuan segurtasun bitala emateko eta, hortaz, funtsezkoa da legeak zaintza eta babesa bermatzeko neurriak zehaztea, pandemia honetan gertatu dena errepikatu ez dadin. Izan ere, osasun larrialdi bati aurre egiteko hartu beharreko neurri batzuk oso kaltegarriak izan daitezke hainbat sektorerentzat (autonomoentzat, enplegu erregulazioan dauden langileentzat, enpresa txiki eta ertainentzat, etab.) eta legeak guztiak babestu behar ditu, gutxieneko diru-sarrerak bermatuta. Hori izan da EH Bilduren proposamen nagusietariko bat, baina EAJ eta PSE kontra agertu dira eta, hala, bizkarra eman diete pandemiak kalte nabarmena egin dien sektore horiei.