AKTUALITATEA


| 2022-03-18 16:52:00

Jaurlaritzak bere eskumenen baitan eskura dituen baliabide eta neurri guztiak aktibatu behar dituela berretsi du gaur EH Bilduk, Errusiak Ukrainiari eginiko erasoak gure herrian ere izan dituen ondorio sozialak eta ekonomikoak arintzeko behar-beharrezkoa delakoan pertsonak zein enpresak babesteko. Hori dela eta, Iker Casanovak elkartasun sare kolektibo bat eraikitzeko eskatu dio Urkullu lehendakariari, eta “esan dezala, gertatzen dena gertatzen dela, inor ez dela bazterrean geratuko”.

Hori hala izango dela bermatzeko, kontuan hartuta atzo EAJk eta PSEk jendeari eta enpresei laguntzeko neurriak eztabaidatzeko eta adosteko batzorde berezi bat sortzea galarazi zutela, EH Bilduk pleno monografiko bat deitzea eskatu du formalki batzorde berezi horrek zeukan helburu berberarekin.

Iker Casanovak azaldu duenez, Urkulluk aipatutako gerra ekonomiaren aurrean, une honetan “babes, segurtasun, konfiantza eta elkartasuneko ekonomia bat” behar da, ekonomia, enplegua, ongizate energetikoa eta pertsonak babesteko. Horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak plan integral bat martxan jartzeko eskatu dio lehendakariari, besteak beste, enpresei mailegu bigunak eta laguntza zuzenak emateko eta soldaten igoera bat, KPIren araberakoa, sustatzeko, langileek eroste-ahalmena gal ez dezaten.

Halaber, Casanovak bonu energetiko bat sortzea eskatu du gas eta elektrizitatearen prezioaren igoera konpentsatzeko eta, gizarte babes sistemari dagokionez, prestazio sozialen zenbatekoak berraztertzea eta horiek jasotzeko baldintzak malgutzea proposatu du.