AKTUALITATEA


| 2022-03-09 13:54:00

EH Bilduk berehalako neurriak eskatu ditu Legebiltzarrean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko familia asko jasotzen ari diren gas faktura izugarri altuak konpentsatzeko eta ezohiko egoera hori amaitzeko. Mikel Oterok azaldu duenez, “Gobernu espainolak onartuta, joan den urrian gas naturalaren azken baliabideko tarifaren araudi berria sartu zen indarrean eta, horren bitartez, tarifa horretarako sarbidea urteko 50.000 KWh baino gutxiagoko kontsumoetara mugatuta geratu da. Modu horretan, Gobernuak galdara komunitarioak dituzten etxebizitzak merkatu araututik kanpo utzi ditu, araudi berriak etxebizitza horiek energia-kontsumitzaile handitzat jotzen dituelako; hau da, energia-baliabideen erabilera oso intentsiboa egiten duten enpresekin parekatzen ditu,  galdara komunitario horiek hainbat etxebizitza eta familiari gas zerbitzua modu partekatuan emateko azpiegiturak direla kontuan hartu gabe”.

Araudi aldaketa horren ondorioa larria eta bistakoa da: galdara komunitario horien erabiltzaile diren familien gas fakturak izugarri handitu dira, 400 edo 500 euroko fakturak ohiko bilakatzeraino. Igoera horiek familia askori eragin dieten kalte ekonomikoaz jabeturik, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Jaurlaritzak faktura horien ezohiko igoera horren inguruko premiazko azterketa bat egin dezan eta, egoera normalizatu bitartean, errentaren araberako konpentsazio bonu bat ordain diezaien kaltetutako familiei, 2021eko urriaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin.

EH Bilduren proposamenak Gobernu espainolari ere interpelatzen dio, gas naturalaren azken baliabideko tarifari buruzko arauak berrikusteko, bizilagunen komunitateei zerbitzua ematen dieten galdara komunitarioak merkatu arautuan sar daitezen. Izan ere, Oterok ohartarazi duenez, “urtean 50.000 KWh-tik gorako kontsumoa duten galdara komunitarioko kontsumitzaile multzoak azken baliabideko tarifaz kanpo utzi izanak kalte ekonomiko larria ekarri du pertsona horientzat, izaerak eta erabilerak justifikatzen ez dutena. Erabiltzaile hauetako asko babes ofizialeko etxeetan bizi dira, etxe multzo hauetan ohikoa izan delako azken bi hamarkadatan galdara komunitarioak ipintzea. Eta gutxi balitz, galdara-sistema indibidualak dituzten etxebizitza eta pertsonekiko bereizketa justifika ezina da, azken hauek araututako tarifak baliatu ahal dituztelako, konparaziozko bidegabekeria bat sortuz”.