AKTUALITATEA


| 2021-09-29 15:35:00

Telefono mugikorren erabilerak onurak ez ezik, mehatxuak ere ekarri dituela jabeturik, hala nola adikzioa eta ziberjazarpena, EH Bilduk errealitate horrek irakaskuntzan duen inpaktua aztertzea proposatu du, Hezkuntza Sailak diagnostikoa egin eta, horri jarraituz, EAEko ikastetxeei mugikorren erabilerari buruzko araudi proposamen bat helarazteko. Koalizioaren proposamena, hala ere, bertan behera geratu da EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dutelako.

Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, gobernukideen ezezkoak axolagabekeria baino ez du erakusten. “Gaur egun ikastetxe bakoitzak arautzen du telefono mugikorraren erabilera, edo zuzenean debekatzen du, ikasgelan, jolasaldietan edota jantokietan; ikastetxeen esku dago erabakia eta Hezkuntza Sailak ez die horren inguruko inolako irizpiderik ematen. Zertarako dago orduan Hezkuntza Saila? Hezkuntza Sailak ez die irizpiderik emango? Azterlan bat egitea behar-beharrezkoa da eta azterlan horren ondorioz araudi proposamen bat egin beharko litzateke. Eta orduan bai, ikastetxe bakoitzak erabaki beharko du, baina betiere irizpide eta azterlan sendo batean oinarrituta”.

Martinez Axpek azaldu duenez, “proposatzen genuen azterlanarekin jakingo genuen zenbat ikaslek duten mugikorra, zenbat ikastetxetan berau erabiltzea debekatzen duten, zein diren mugikorra erabiltzearen onurak eta kalteak edo mehatxuak, eta horrekin guztiarekin diagnostiko bat edukiko genuke, ikastetxeei araudi proposamen bat, irizpide batzuk, eskaintzeko. Horri ezezkoa emanda, EAJk eta PSEk uko egin diote telefono mugikorra erabiltzearen onura eta mehatxuen ezagutzan aurrera egiteari eta, modu axolagabean, mugikorraren erabilera arautzeko edo debekatzeko erabakia eta ardura oso-osorik ikastetxeen bizkar utzi dute, inongo laguntza edo babesik eman gabe”.