Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk atzera egiteko eta Emakunde berriz ere Lehendakaritzari atxikitzeko eskatu dio Urkulluri


Oihana Etxebarrietaren iritziz, “akats larria da” Emakumearen Euskal Erakundea Lehendakaritzatik ateratzea, gai sektoriala balitz bezala, politika feministek ezinbesteko duten zeharkakotasuna galtzen delako horrela. Interpelazioa egingo dio lehendakariari Legebiltzarrean.

| 2020-09-09 14:08:00

EH Bilduk interpelazioa egingo dio Iñigo Urkulluri Kontroleko Bilkuran Emakunde Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean kokatzeko erabakia zuzendu dezala eskatzeko. Gobernu berriaren egituran berdintasun arloko politikak, eta haiekin batera Emakumearen Euskal Erakundea, Lehendakaritzatik aipatutako sailera pasatu dira, eta hori, Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “akats larria da”. Izan ere, Emakunde Lehendakaritzari atxikita egoteak zeharkakotasuna ematen zien berdintasun politikei, gobernuaren arlo guztietan eragiteko aukera, baina orain EAJ eta PSEren arteko akordioan “gai sektorial bezala kokatu dute”.

Etxebarrietaren irudiko, erabaki hori bereziki larria da egungo testuinguruan, datozen urteotan hainbat erronka garrantzitsuri aurre egin beharko zaielako. “Politika feministek erdigunean egon behar dute bizitzaren sostengarritasunari eta zaintzari erdigunea emateko, bai eta soldata arrakalaren erronkaren aurrean ere”.

Hori horrela, Urkullu garaiz dago oraindik erabaki hori zuzentzeko, esan du EH Bilduko legebiltzarkideak. Erabakia zuzentzeko eta legea betetzeko ere bai, zeren eta Emakunde 1988an sortu zuen legeak argi xedatu baitzuen erakunde hori Lehendakaritzari atxikita sortzen zela berez; hau da, “politikoki hanka-sartzea izateaz gain, legearen kontrako erabaki baten aurrean gaudela ikus dezakegu, 1988ko sorrera legea kontuan hartzen badugu”.