Legebiltzarra

Albisteak

EAJk ez du ez lizentzia sozialik, ez eta politikorik ere, gas esplorazioarekin aurrera jarraitzeko, ohartarazi du EH Bilduk


Mikel Oterok Armentia-2 putzuaren abentura behingoz abandonatzeko exijitu dio Jaurlaritzari, SHESAren lardaskeria salatu du, baimena ematea prebarikazioa izango zela jakinda ere proiektu horrekin tematzeagatik, eta energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egitea eskatu du.

| 2020-12-23 12:35:00

Mikel Otero pozik agertu da gaur Gasteizko Udalak SHESAri emandako erantzunarekin, teknikarien txosten juridikoari jarraituz Subillan (Armentia-2 proiektua) gasa esploratzeko lizentzia ukatu baitio Jaurlaritzaren enpresa publiko horri. Teknikariek EH Bilduk esandakoa berretsi baino ez dute egin, azaldu du Oterok; alegia, Gasteizko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, “putzu hori ezin dela egin planteatutako baldintzetan eta tokian”.
EH Bilduko legebiltzarkidek gogora ekarri duenez, hori kontu jakina zen aspaldidanik, 2011n eta 2016an udal teknikariek halaxe ebatzi zutelako. Hori dela eta, proiektu horren defentsan tematu izana egotzi die Gasteizko alkateari, Arabako ahaldun nagusiari, Arantxa Tapia sailburuari eta EAJri, oro har. Izan ere, teknikariek “denok genekiena” baieztatu arte ez dute amore eman eta horretan tematurik ibili dira lizentzia emateak “prebarikazioaren eremu arriskutsu eta labainkorrean sartzea” ekarriko zuela zekiten arren. Oteroren iritziz, SHESAren Armentia-2 proiektua “sekulako lardaskeria izan da eta gertatu behar zena gertatu da: EAJren porrota izan da, bakarrik geratu da gehiengo sozial, tekniko eta politikoaren aurrean”.
Hori horrela, “EAJk ez du lizentziarik, ez sozialik, ez eta politikorik ere”, gas zundaketekin aurrera jarraitzeko, ondorioztatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta, beraz, “Gasteizko Udalaren irizpenari helegiterik ez jartzeko eta behingoz zentzurik gabeko abentura hori bertan behera uzteko” exijitu die jeltzaleei.
Ildo beretik, Oterok salatu du SHESAk urteak daramatzala diru publikoa xahutzen errentagarriak ez diren proiektu gasistikoak bultzatzen. Horren ondorioz, azaldu du, Jaurlaritzak urtero-urtero finantzatu behar du haren jarduera (6,8 milioi euro 2021eko aurrekontuetan), baina “horrek ez du inolako zentzurik 2020an, bizi garen klima larrialdi egoera honek energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egitea eskatzen du premiaz”, Armentia-2 bezalako proiektuak behin betiko bertan behera utzita.