AKTUALITATEA


| 2022-05-05 13:21:00

Jaurlaritzak ez du aparteko bonu bat sortuko galdara komunitarioa duten etxebizitzei aplikatzen ari zaien gasaren prezioaren igoera konpentsatzeko eta, hala, ezohiko egoera hori pairatzen ari diren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko milaka familiei laguntzeko, EAJk, PSEk eta Voxek bat egin dutelako EH Bilduren proposamen hori atzera botatzeko. Mikel Oterok talde horien ezezkoa kritikatu du, babesgabe utzi dituztelako hilean 500 eurora arteko fakturak jasotzen ari diren milaka familia, kasu askotan gasa iaz baino %500 garestiago ordaintzen ari direnak.

Oterok ezohiko neurriak premiaz hartu beharra aldarrikatu du egoera horiek zuzentzeko, Gobernu espainolak gas naturalaren azken baliabideko tarifaren araudi berria aldatu bitartean. Izan ere, araudi horren bidez tarifa horretarako sarbidea urteko 50.000 KWh baino gutxiagoko kontsumoetara mugatuta geratu da eta, modu horretan, galdara komunitarioak dituzten etxebizitzak merkatu araututik kanpo geratu dira, araudi berriak energia-baliabideen erabilera intentsiboa egiten duten enpresekin parekatzen dituelako, kontuan hartu gabe galdara komunitarioak etxebizitza eta familia multzo bati gas zerbitzua modu partekatuan emateko azpiegiturak direla.

Erregulazio horrek milaka familiari egin dien kalte ekonomikoa izugarria da, euren gas faktura halako bost igo delako kasu askotan, babes ofizialeko etxebizitzetan bereziki. Hori dela eta, EH Bilduren iritziz, premiazkoa da Madrilek gas naturalaren azken baliabideko tarifari buruzko araua aldatzea berrikustea eta galdara komunitarioak merkatu arautuan sartzea, eta, egoera normalizatu bitartean, Jaurlaritzak konpentsazio bonu bat ordaintzea, errentaren arabera, kaltetutako familiei, 2021eko urriaren 1etik aurrerako atzeraeraginarekin. EAJk, PSEk eta Voxek, baina, proposamen hori onartzea galarazi dute.