Legebiltzarra

Albisteak

EAJk eta PSEk PP eta Voxekin bat egin dute euskara doan ikasteko eskubidea legez bermatzeko proposamena atzera botatzeko


EH Bilduk euskara ikastea C1 maila lortu arte doakoa izan dadila proposatu du euskaraz jakiteko eskubidea herritar guztiei aukera berdintasunean bermatzeko.

| 2020-11-19 11:25:00

Pasa den legealdian egin zutenaren kontrara, EAJk eta PSEk PP eta Voxekin bat egin dute gaur Legebiltzarrean euskara doan ikasteko eskubidea legez bermatzeko EH Bilduren proposamena atzera botatzeko. Koalizio subiranistaren lege ekimena aurreko legealdian tramitatu zen, baina, legealdia otsailean amaituta, Parlamentuak ez zuen tramitazioa azken bururaino eraman; hori dela eta, Jasone Agirrek berriz ekarri du gaur eztabaida osoko bilkurara, “euskara jakin nahi duten guztiei eskubide hori bermatzeko, gaur egun hori ez dagoelako bermaturik”. Izan ere, “hezkuntza sistemak ez du oraindik bermatzen ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskaraz ondo jakingo dutenik”, eta helduen euskalduntzeari dagokionez, “gaur egun ez da eskubide unibertsala, dirua ordaindu egin behar delako oraindik ere euskaraz ikasteko”.
EH Bilduren proposamenak egungo egoera aldatzea du helburu, “euskaraz jakiteko eskubidea unibertsala izan dadin, eta horrek, jakina, euskara ikastea doakoa izatea eskatzen du”, azpimarratu du Agirrek, “eskubide hori herritar guztiei aukera berdintasunean bermatzeko”. Zehazki, “C1 mailako jakintza lortu arte euskara ikastea doakoa izan dadila” proposatu du koalizioak, Jaurlaritzak norabide horretan eman dituen urratsak nahikoak ez direlakoan. Hala ere, gobernukideek arrabola pasatu dute beste behin ere eta, PP eta Voxekin bat eginda, atzera bota dute EH Bilduren proposamena.