AKTUALITATEA


| 2021-07-06 12:44:00

EAJk eta PSEk, Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin, Pandemiaren aurkako Legea onartu zuten ekainaren 24an eta, lege horren 12. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak astero agertu behar du Legebiltzarrean pandemiari buruzko informazioa emateko. Bada, hori baino ez du eskatu EH Bilduk Legebiltzarreko Mahaian; alegia, legea bete dadila eta Osasun sailburua astero etor dadila Parlamentura pandemiaren eboluzioari buruzko xehetasunak ematera, “pandemiaren hedapena berriz zantzu kezkagarriak uzten ari delako azken egunotan eta, beraz, erabakiak hartu beharko direlako, arduraz eta informazio guztia ezagututa eta aztertuta”, Nerea Kortajarenak adierazi duenez.

EAJk eta PSEk, baina, legea ez betetzea erabaki eta atzera bota dute EH Bilduren eskaria, “testuinguru honetan ulertezina eta onartezina dena”, Kortajarenaren irudiko. “Talde parlamentarioi astero informazio hori jasotzea ukatu digute, ez dute euren lege propioa betetzeko beharrik ikusten eta ez dute betetzeko asmorik ere. Esanguratsua da benetan, erabaki horrekin EAJk eta PSEk beraiek agerian utzi dutelako ze eskasa den  lege honen balioa eta eraginkortasuna”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “EAJk eta PSEk gobernatzeko eredu bat berretsi dute horrela; ez dute gobernantza partekatuan, auzolanean sinisten, ahalik eta gutxien partekatzen dituzte diagnostikoak, ardurak eta erabakiak, onartu berri duten legea urratzeraino, ordezkari politikoei legean bertan dugun astero informatuak izateko eskubidea ukatuz eta hain beharrezkoa dugun elkarlanerako marko iraunkor, kontsentsuatu eta iraunkorrari bizkar emanez. Larrialdi egoeran gaude eta larrialdietan malgutasuna eta ezohiko erabakiak hartzea ezinbestekoa da, argi baitago birusak ez duela oporrik hartzen”.