AKTUALITATEA


| 2023-02-06 16:50:00

Espero bezala, Donostialdeko ESIan Osakidetzako zuzendaritzak kargutik kendu zituen Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga zuzendariak Legebiltzarrean agertzea galarazi dute EAJk eta PSEk. EH Bilduk bien agerraldiak eskatu zituen, Donostialdean zabalik jarraitzen duen gatazkari buruz duten iritzia eman zezaten, baina EAJk eta PSEk euren gehiengoa inposatu dute biak isilarazteko, eta gauza bera egin dute dimisioa eman zuen Adolfo Beguiristain zuzendariordearen agerraldiarekin. Rebeka Uberak gobernukideen jokabidea salatu eta Legebiltzarra Jaurlaritzaren agenda eta interesen menpe jartzea egotzi die. “Kontu demokratikoa da alde guztiei entzutea, eskatu daitekeen minimoa da hori; ez da ulergarria, beraz, Legebiltzarrean herritarrei entzutea galaraztea”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari Donostialdeko ESIan gertatzen ari denaz berak duen bertsioa azaltzeko aukera eman zitzaion abenduan. Kargugabetutako zuzendariek, ordea, EAJ eta PSEren zentsura pairatu dute. “Arazoak konpontzeko alde guztiei entzun behar zaie, esateko dutena gustatu ala ez. Hori da, gainera, Legebiltzarrean dugun eginkizuna, gatazka konponbidean jartzeko. Bidea ez da inplikatuen ahotsa isilaraztea”.

Uberaren esanetan, “EAJ eta PSEren jokabideak beldurra baino ez du erakusten. Zeren beldur dira? Hori da galdera. Elkarrizketa, gardentasuna eta negoziazioa aldarrikatzen dituzte etengabe, baina gaur egin dutena, zuzendari horien agerraldia galaraztea, elkarrizketa, gardentasuna eta negoziazioaren kontra doa. Horrelako jokabideek ez lukete tokirik izan beharko Legebiltzarrean”.