Legebiltzarra

Albisteak

EAJk eta PSEk enplegu erregulazio espedienteen laguntza osagarriak hobetzeari uko egin diote


EH Bilduk laguntzak handitzea eta pandemiak eragindako espediente guztietara hedatzea proposatu du. Martxoaz geroztik lan erregulazioan sartu diren langileen %4k bakarrik jasoko lukete Jaurlaritzaren laguntza.

| 2020-10-22 13:33:00

Pandemia hasi zenetik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan une batean edo bestean aldi baterako enplegu erregulazio espedienteetan sartu diren langileen %4k soilik –eta asko jota– jasoko lituzkete orain arte Jaurlaritzaren laguntza osagarriak (150 euro gehienez), Jaurlaritzak berak emandako datu ofizialen arabera, baina, hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk prestazio horiek hobetzeari uko egin diote gaur eta, hala, EH Bilduk helburu horrekin aurkeztutako proposamena atzera bota dute. Ander Rodriguezen esanetan, “laguntzen irismena hain eskasa dela ikusirik, ulergaitza bezain adierazgarria da eman diguten erantzuna, baldintzak betetzen dituzten langile guztiei laguntza emateko konpromisoa ere ez dute hartu nahi izan, horri ere ezetz esan diote”.
Martxotik ekainera bitartean erregulazioan sartu ziren langileak Gobernuaren laguntzetatik kanpo geratu direla kontuan hartuta, EH Bilduk laguntzen zenbatekoa igotzea ez ezik, langile horiek guztiak ere programan txertatzea ere proposatu du, baita Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema zabaldu eta indartzeko premiazko neurriak hartzea ere. Izan ere, azaldu du Rodriguezek, “lan erregulazio espedienteek kaltetutako milaka familia egoera zaurgarrian daude eta instituzioen ardura ziurtasuna ematea da; eskubideak ziurtatzeko neurriak hartu behar ditugu, herritarrek argi jakin dezaten euren egoerak okerrera eginez gero, gutxieneko diru-sarrerak bermaturik izango dutela”.