Legebiltzarra

Albisteak

EAJk eta PSEk EBren gomendioei muzin egin eta atzera bota dute alokairuen prezioak legez mugatzeko EH Bilduren proposamena


Koalizio abertzalearen ekimena tramitatzeari uko egin diote. Ander Rodriguezek azaldu duenez, proposamena koherentea da Bruselan onartutako irizpideekin, bai eta Gobernu espainolak iragarri duen legearekin ere.

| 2021-02-04 10:28:00

Azken urteotan higiezinen merkatua gehien garestitu den guneetan alokairuen prezioa mugatzeko lege baten beharra aldarrikatu du EH Bilduk gaur Legebiltzarrean, prezioen eboluzioaren ondorioz etxebizitza eskubidea amets bihurtu baita milaka eta milaka pertsonarentzat. Ander Rodriguezek gogorarazi duenez, azken urteetan alokairuen prezioa %10 igo da EAEn Alokairuaren Merkatuko Estatistikaren arabera, eta igoera %22koa izan da Higiezinen Eskaintzari buruzko Inkestaren arabera. Gorakada are bortitzagoa izan da gainera Donostian, Gasteizen eta Bilbon. “Milaka pertsona gure gizartearen bazterretara eramaten ari den espirala da”, eta emakumeak dira bereziki pairatzen dutenak.

Hori dela eta, EH Bilduk alokairuen prezioari muga jarri nahi dion lege proposamena aurkeztu du, Europako Parlamentuak EAJ eta PSOEren botoekin ere onartutako gomendioen ildotik, baina EAJk eta PSEk proposamena tramitatzeari uko egin diote, Europar Batasunak etxebizitza izateko eskubidearen inguruan emandako jarraibideei muzin eginez, Rodriguezek aurpegiratu dienez. “Gaur ez duzue bakarrik errentamenduaren hazkundeari mugak jartzea galarazten; aberastasuna birbanatzea eragozten duzue, hezkuntza libre aukeratzea oztopatzen duzue, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna handitzen duzue, gazteen emantzipazio-adina atzeratzen duzue, hiri-segregazioa areagotzen duzue. Eta, bereziki, arazo larri bati konponbidea emateko ez dugun denbora agortzen duzue”,

Legebiltzarkidearen iritziz, EH Bilduren ekimena atzera botatzeko Jaurlaritzak emaniko argudioak harrigarriak dira. Izan ere, esan du proposamena desegokia dela Gobernu espainola helburu bera duen lege bat izapidetzen ari delako. Oso larria da EAJk argudio hori erabiltzea, euskal instituzioen eskumenak egikaritzeari uko egitea dakarrelako.

Jaurlaritza, hala ere, harago joan da, Pedro Sanchezen Gobernua prestatzen ari den alokairuen erregulazioaren kontra agertu baita, eta hor PSEren kontraesana ikaragarria da. Hori dela eta, Ander Rodriguezek EAJ eta PSEri eskatu die argitzeko ea PPk gobernatzen dituen erkidegoekin bat egingo duten Kongresuak alokairuen erregulazioa onartzen dutenean, eta ea EAEn horren aplikazioa oztopatuko duten.