AKTUALITATEA


| 2022-12-02 14:08:00

EH Bilduren iritziz, EAJ eta PSE arduragabekeria baino ez dira adierazten ari egunotan garraio publikoaren deskontuen inguruan piztu duten polemika antzuarekin. Horrelako gai batek interes alderdikoiak alde batera uztea eta herritarrengan soilik pentsatzea exijitzen badu ere, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko instituzio nagusietan elkarrekin gobernatzen duten bi alderdiak guztiz kontrakoa egiten ari dira, haien arteko liskarra parametro elektoraletatik bakarrik uler baitaiteke, are gehiago kontuan hartuta duela astebete Legebiltzarrean biek, EAJk zein PSEk, babestu zutela deskontuak luzatzeko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako proposamena.

Botazio hori gogoan, Unai Fernandez de Betoñok EAJren jokabidea salatu du: “Hemen benetan dagoen arazo bakarra da EAJ orain aitzakiak bilatzen ari dela %50eko deskontuak ez luzatzeko, Gobernu espainolak neurri horren kostuaren zati bat finantzatzea baldintza gisa jarrita”. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, euskal instituzioek ez dute zertan itxaron deskontuak luzatzeko erabakia hartzeko, hori egiteko dirua, beharra eta eskumenak dituztelako. “Madriletik finantzazioa iristen bada, ongietorria izango da, jakina, baina hori ezin da baldintza izan deskontuak luzatzeko ala ez, EAJ planteatzen ari denaren kontra. EH Bilduk, aldiz, argi dauka, garraio publikoa hobetzeko inbertsioak egiteaz gain, krisi une honetan herritarrek tarifa merkeagoak behar dituztela eta, beraz, %50eko deskontuak luzatu behar direla, aitzakiarik gabe eta inoren zain egon gabe. Badago beharra, badago dirua –Jaurlaritzak ia 1.900 milioi euro ditu soberakinetan– eta badaukagu eskumena. Autogobernua horretarako da, jendearen bizi baldintzak hobetzen laguntzeko”.