Legebiltzarra

Albisteak

Autogintzaren euskal sektorearen erronkei ekiteko elkarlanean aritzeari uko egin dio Jaurlaritzak


Autogintzaren etorkizuna definitzea eta sektorea sustatzea helburu, EH Bilduk pasa den legealdiko ponentzia berrartzea proposatu du, sektoreak dituen erronkei modu planifikatuan aurre egiteko.

| 2020-12-17 15:33:00

Autogintzaren euskal sektoreak dituen erronkak aztertzeko pasa den legealdian lanean hasi zen ponentzia parlamentarioa berriz ere lanean hastea proposatu du gaur EH Bilduk, euskal industrian –Araban bereziki– estrategikoa den sektore horren etorkizuna aztertzeko eta haren beharrei egokitutako politika publikoak proposatzeko, datozkion erronka ekonomiko, teknologiko, ekologiko eta industrialen aurrean lidergo posizio batean kokatu dadin, betiere enplegua defendatuz eta sustatuz.
Iker Casanovak azaldu duenez, autogintza aldaketa garai batean bizi da mundu mailan eta, gure herrian duen garrantzia kontuan hartuta, funtsezkoa da mundu mailako joera horiek aztertzea eta sektoreko euskal enpresek egoera aldakor honetan hartu behar duten tokia zehaztea. Ponentzia parlamentarioak hori ahalbidetuko zuen, elkarlanean arituz eta sektoreko eragileen eta adituen ekarpenak aintzat hartuz, baina EAJ, PSE, PP eta Voxek ezezkoa eman diote eztabaidagune hori sortzeari.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, autogintzan oso sakonak diren aldaketak gertatzen ari dira, trantsizio ekologikoarekin, disruptiboak diren teknologien agerpenarekin, mugikortasunaren bilakaerarekin eta merkatu globalen egituren bilakaerarekin erlazionatuta daudenak, eta testuinguru horretan Jaurlaritzaren lidergoa funtsezkoa da sektoreak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erronka horiei guztiei modu planifikatu eta koherentean ekin diezaien.