Legebiltzarra

Albisteak

Aurrekontua ez dago pandemiak eskatzen duen mailan, Jaurlaritzaren lehentasuna errelatoa delako, ez ziurtasunak ematea


“Osasun krisiari aurre egiteko aurrekontuak badira, bitxia da %3,2 bakarrik Covid programara bideratzea”, dio EH Bilduk. Pandemian egonda ere osasun eta hezkuntzan ahalegin berezirik ez egitea egotzi dio Gobernuari. Akordio zabal bat nahi badu, horretarako baldintzak sortzea berari dagokiola gogorarazi dio.

| 2020-12-21 13:09:00

EH Bilduren iritziz, Jaurlaritzaren lehentasuna errelato jakin bat eraikitzea da, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herritarrei ziurtasunak ematea baino, eta, horren ondorioz, 2021erako aurkeztu duen aurrekontu proiektuak ez du pandemiak eskatzen duen neurria ematen. Koronabirusak krisi sanitario, ekonomiko eta sozial batean murgildu gaituen arren, EAJ-PSE Gobernuak ez ditu haren lehentasunak era esanguratsuan aldatu; egoera erabat ezohikoa bada ere, erantzunak betikoak dira. Nerea Kortajarenak kritikatu duenez, aurrekontuen eredua eta egitura aurreko urteotako eredu eta egitura berberak dira eta, hala, “pandemia batean murgildurik gauden honetan, ez osasunak ez hezkuntzak ez dute pisua irabazten aurrekontuan”. Eta okerragoa da beste hainbat arloren eboluzioa: gizarte zerbitzuek, enpleguaren sustapenak, berdintasunak, gazteriak eta kulturak pisua galtzen dute.
Kortajarenaren esanetan, Ogasun sailburuak gaur Legebiltzarrean aurkeztu duen proiektuan “ez dago apustu estrategikorik”; 2020ko aurrekontuak eta 2021erako proiektua alderatuta, “inork gutxik antzemango luke aurrekaririk gabeko pandemia egoera batean bizi garela. Osasun krisiari aurre egiteko aurrekontuak badira, bitxia da %3,2 bakarrik Covid programara bideratzea”. EH Bilduko legebiltzarkidearen irudiko, datu horrek ondo islatzen du aurrekontua orain arte egindakoaren jarraipena besterik ez dela. Izan ere, “aurrekaririk gabeko krisi honi Gobernuak emandako erantzunaren benetako tamaina eskasa eta oso motela izan da, propagandatik gehiago izan du, benetako ahaleginetik baino, eta orain formula bera proposatzen du”.
Horren ildotik, Kortajarenak errelatoa eta eszenifikazioa lehenestea leporatu dio Gobernuari, honek aurrekontuei buruz egin duen aurkezpena errealitatetik aldentzen delakoan. Izan ere, Lakuak aurrekontua %5,7 igotzen dela azpimarratu arren, hazkunde hori erdira ere ez dela iristen ikusten da, 2020ko aurrekontu errealari begiratuz gero.
Zorpetzeari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du horrekin batera premiazkoa dela zerga erreformari ekitea eta ezohiko diru-sarrerak (Covid tasa) aktibatzea, ezinbestekoa baita “gure buruari galdetzea nork ordaindu behar duen krisi hau”. “Guk argi dugu –erantsi du– krisi honek ahalegin kolektiboa eskatzen duela eta elkartasunetik eta erantzukidetasunetik heldu behar zaiola”, eta betiere austeritate politikak alde batera utzita. Kortajarenak ongietorria eman dio horren harira Ogasun sailburuari, austeritatearen aroa amaitutzat eman duela esateagatik eta, horrela, orain arte beti ukatu arren, austeritate politikak aplikatu direla aitortzeagatik. “Orain politika hedakorrak iragartzen ditu, baina gobernu kontserbadore baten politika hedakorrak”.
Kortajarenak “begirada bikoitza” eskatu dio Jaurlaritzari. Batetik, aurrekontuek “hemen eta orain dauden beharrei erantzun” diezaieten; bestetik, “ikuspegi berri batekin etorkizuna prestatzen hasteko”, behin pandemia gaindituta, xedea ezin delako aurreko egoerara itzultzea izan.
Azkenik, EAJ-PSE Gobernuari bakarrik aritzea egotzi ostean, aurrekontuak adosteko benetako borondatea duela erakusteko eskatu dio. “Bizi eta biziko ditugun erronken aurrean beharrezkoak dira kontsentsu zabalak. Legebiltzarra lehen lerroan jarrita eta eragileekin elkarlanean batasun irudia proiektatzea lortu daiteke eta krisialditik indartuta atera gaitezke horrela gizarte gisa, baina hori ez da lanketa gabe gertatzen. Oposizioaren babesa eta akordio zabal bat nahi baduzue, horretarako baldintzak sortu eta konfiantzak elikatu behar dituzue, baina, tamalez, auzolana kontzeptu eder bat besterik ez da zuentzat, ez da egunero praktikatu beharreko zerbait”.