AKTUALITATEA


| 2021-05-18 11:34:00

Txertaketa kanpaina azkartu den arren, oraindik talde babesetik urruti gaudela eta, behin talde babesa lortu ostean ere, datozen hilabeteetan neurri osagarriak beharko ditugula kontuan hartuta, EH Bilduk beharrezkotzat jo du prebentzioan sakontzea eta, horretarako, herritarren esku tresna ezberdinak ipintzea, jendeari osasuna zaintzeko alternatibak eta bitartekoak eskaintzea premiazkoa delakoan, Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak adierazi dutenez. Norabide horretan doa koalizioak Legebiltzarrean aurkeztu duen legez besteko proposamena, Osasun Sailak astean bitan listu bidezko test azkarrak egiteko aukera azter dezan, SARS-CoV-2  birusari aurre egiteko. Azaldu dutenez, “test mota horiek ez dira %100ean fidagarriak, portzentaje txiki batean positibo faltsuak eman ditzaketelako, baina, zalantzarik gabe, kutsatzeak atzemateko tresna baliagarri bat dira birusari aurrea hartzeko eta egun dugun egoeran hobe da tresna hori herritarren esku jartzea, ezer ez edukitzea baino”.

EH Bilduko legebiltzarkideen esanetan, “test azkarrak orokortzea baliagarria izango litzateke espazio itxietan sarbide seguruagoa bermatzeko, hala nola ostalaritzan, kultur saioetan, garraio publikoan, lantokietan, gimnasioetan eta kiroldegietan”. Horretarako, euren proposamenaren arabera, listu bidezko test horien emaitzak App aplikazio batean erregistratuko lirateke eta, positibo emanez gero, PCR proba egingo litzateke jarraian, emaitza egiaztatzeko eta kasuaren trazabilitatea bermatu ahal izateko.

Uberak azaldu duenez, Osasun Sailak App aplikazioa diseinatu eta bitartekoak ipini beharko lituzke test azkarrak farmazietan salgai egon daitezen, eta taberna, jatetxe, kiroldegi eta lantokietan ere saltzeko aukera aztertu beharko luke.

Bestalde, eremu itxietan, publiko zein pribatuetan, izan komertzioetan, ostalaritzan, lantokietan, garraioan edo ikastetxeetan, airearen kalitatea bermatzeko CO2 neurgailuak eta airea garbitzeko sistemak instalatzea proposatu du EH Bilduk. Neurri horrek, esan du Uberak, bultzada bat emango lioke ostalaritzari eta, oro har, merkataritzari. Nafarroan, adibidez, CO2 neurgailu bat ipiniz gero, taberna eta jatetxeetan aforo osoa okupatu dezakete atzodanik, betiere segurtasun distantziak errespetatuz, eta hori laguntza handia da ostalarientzat.

Maddalen Iriartek adierazi duenez, proposamen hauekin “prebentzioan sakontzea dugu helburu”, bai eta Jaurlaritzak orain arte pandemiaren aurka erabili duen estrategia gainditzea ere. “Birusaren atzetik ibili beharrean, birusaren ondorioak tratatu beharrean, birusari aurrea hartu behar diogu. Helburua ezin da birusaren ondorioei erantzutea izan, kutsatzeak ekiditea baizik. Prebentzioa, hitz batean. Osasun Sailari beste ikuspegi batetik aritzea proposatzen diogu, proaktiboa izan dadila, birusari berari erasotzeko neurriak abian jar ditzala, efektuei erantzun ordez. Gobernuari ekimena har dezala eskatu behar zaio, estrategia ezin baita izan behatzak gurutzatzea eta itxoitea, ea horrela dena konpontzen den”.

EH Bilduko bozeramaileak, azkenik, koalizioaren lan propositibo eta eraikitzailea azpimarratu du. “Koronabirusa gurera iritsi zenetik EH Bilduren 86 proposamen eztabaidatzeko aukera izan dugu guztira Legebiltzarrean; horietatik, 70 pandemiari lotuta egon dira, birusari eta bere ondorioei aurre egiteko neurri ugari planteatuz, baina gehien-gehienak, %84, atzera bota dizkigute EAJk eta PSEk, batzuetan eztabaidatu ere egin gabe. Grazia egiten didate kritikan bakarrik egotea eta proposamenak ez egitea leporatzen digutenean”.