Duela urtebete Legebiltzarrak adostasun zabalaz onartu zuen Berdintasun Lege berriak “oso argi utzi zuen hortik aurrera ez zela salaketa judizialen beharrik egongo indarkeria matxista edo genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeek babes eta erreparazio prozesuetan parte hartu ahal dezaten, Jaurlaritzak berriki iragarri dituen diru-laguntzak jaso ahal ditzaten, esaterako”, Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez.
Legea puntu horretan argia baino argiagoa den arren, EAJ-PSE Gobernuak ez du aintzat hartu bortizkeria bikote eremu barruan pairatu duten emakumeentzat iragarri duen laguntza programan. Diru-laguntzak, 1/2004 Lege Organikoak zehazten dituenak, Beatriz Artolazabalek aurkeztu zituen urtarrilean, oraindik Berdintasun sailburu gisa, eta, azaldu zuenaren arabera, salaketa judizial bat edo Fiskaltzaren txosten bat eduki gabe, biktimek ezin izango dute diru-laguntza jaso, epaitegietara jo izana ezinbesteko baldintza izango delako, iaz onartutako Berdintasun Legeak dioenaren guztiz kontra. Etxebarrietaren iritziz, “gertatzen ari dena akats larria da, legea urratuz, biktima asko diskriminatuak izaten ari direlako, kanpoan geratu baitira, laguntza jaso gabe”.
Hori dela eta, EH Bilduk bihar bertan eramango du mozio bat Legebiltzarreko Osoko Bilkurara, Lakuari akatsa zuzen dezala eskatzeko. Zehazki, diru-laguntza horiek Berdintasun Legearen oinarrien baitan molda ditzala eta kanpoan geratu ahal izan diren espedienteei bide eman diezaiela eskatuko dio Etxebarrietak.