Legebiltzarra

Albisteak

Artistaren Estatutua kulturaren sektorearekin batera diseinatzeko ponentzia eratzea proposatu du EH Bilduk


Estatutu horrek arau-marko bat eta jarduteko baldintza egokiak emango lizkieke kultura arloko langileei, Josu Estarronak azaldu duenez. Ezinbestekotzat jo du Estatutua sektorearekiko elkarlan eta adostasunaren emaitza izatea, eta ez Jaurlaritzaren erabaki bertikal bat.

| 2021-01-12 12:34:00

Hauteskundeetan hartutako konpromisoa beteta, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrak ponentzia bat eratu dezan Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua diseinatu eta onartzeko. Formula horrek, azpimarratu du Josu Estarronak, kulturaren sektoreak prozesu horretan parte hartzea ahalbidetuko luke, bai eta Estatutua elkarlanaren eta adostasunaren emaitza izatea ere. Legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Kongresu espainolak halako prozesu bat burutu zuen hilabete askotako lanaren ondorio izan zen Artistaren Estatutua onartzeko, “eta hori da, hain zuzen ere, Legebiltzarrean planteatzen duguna, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua aniztasun, parte-hartze zabal, elkarlan eta adostasunaren emaitza izan dadila, eta ez planteamendu bertikal bat”. Izan ere, Jaurlaritzak Estatutu hori sustatzeko borondatea agertu du, baina ez du inolako mekanismorik planteatu horren diseinua sektorearekin batera, elkarlanean, zehazteko.
Estarronaren iritziz, baldintza guztiak ematen dira EH Bilduk proposatutako ponentzia martxan jartzeko, Gobernuko alderdiek Estatutuaren beharra ikusten dutelako eta “kultur ekosistemako eragileek prest daudelako parte-hartze zabala bermatuko duen espazio batean ekarpenak egiteko”.
Lanbide artistikoek dituzten berezitasunak aintzat hartuta, Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua onartzea behar-beharrezkoa dela nabarmendu du legebiltzarkideak. “Behin-behinekotasunak, aldizkakotasunak, heterogeneotasunak, proiektuetan oinarritutako sektore bat izateak eta sortze-prozesuaren emaitzei buruzko ziurgabetasunak, besteak beste, zailtasunak dakartzate egungo legegintza-esparruan garatzeko. Kultura eta sormen arloko profesionalek eta enpresek baldintza egokiak behar dituzte; alegia, sorkuntza ahalbidetu eta erraztuko duen arau-marko bat, gutxieneko lan-baldintzak ezarriko dituena, babes soziala emateko esparrua egokituko duena, erretiro-prestazioa eta egile-eskubideengatiko diru-sarrerak bateragarri egingo dituena, fiskalitatea moldatuko duena, finantzazioa erraztuko duena, euren lana zabaltzeko eta nazioartekotzeko aukerak areagotuko dituena, kontratazioak erregulatuko dituena”.
Kongresu espainolak duela gutxi onartutako Artistaren Estatutu Berriak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eragina izango duen arren, Estarronak ezinbestekotzat jo du artisten euskal estatutu propioa garatzea, hemen ditugun eskumenak baliatu ahal izateko, zerga politikaren arloan, esaterako.