Legebiltzarra

Albisteak

Arduragabea da Gabonetako etenaldia luzatzea eta urtarrilean Legebiltzarraren ohiko jarduera etetea


Pandemiak instituzio guztien esfortzua eskatzen duen honetan, larria eta justifikaezina da EAJk eta PSEk urtarrila habilitatzeari uko egitea. Oposizioa desaktibatu eta Gobernua kontrolatzeko funtzioa indargabetu nahi dute.

| 2020-12-22 13:24:00

Legebiltzarreko Mahaian duten gehiengo osoa baliatuta, EAJk eta PSEk atzera bota dute pasa den astean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk eginiko eskaria eta, ondorioz, Parlamentuak ez du urtarrila habilitatuko ohiko batzorde eta osoko bilkurak egin ahal izateko. Beraz, Gabonetako etenaldia urtarrilean zehar luzatuko da eta ohiko jarduera parlamentarioa bertan behera geratuko da otsailera arte.
EH Bilduren iritziz, EAJ eta PSEren erabakia arduragabea, onartezina eta justifikaezina da egun bizi dugun testuinguruan. Pandemiak instituzio guztiak %100ean aritzea eskatzen duen honetan, jendartearentzat iraingarria da Legebiltzarraren ohiko jarduera hilabete batez etetea, hain justu, krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko neurriak eta proposamenak mahai gainean jartzeak, eztabaidatzeak eta adosten saiatzeak, baita Jaurlaritzaren politiken gaineko kontrolak ere, berebiziko garrantzia duenean.