Legebiltzarra

Albisteak

Aldi baterako lan erregulazioan dauden langileentzako laguntzak handitu eta hobetzea proposatu du EH Bilduk


Ander Rodriguezek proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak egoera horretan dauden langileei emandako erantzunak ez duelako egoerak eskatzen duen maila ematen.

| 2020-09-11 15:56:00

EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzak aldi baterako lan erregulazioan dauden langileei bideratutako ohiz kanpoko laguntzak handitu eta hobetzeko asmoz. Izan ere, pandemia dela eta, Lakuak diru-laguntzen programa bat onartu zuen uztailean, EH Bilduk behin eta berriz eskatu ostean, baina “erantzun hark ez du egoerak eskatzen duen maila eman”, Ander Rodriguezek salatu duenez. “Laguntzen zenbatekoari dagokionez, programa eskasa da, 150 euro hilean gehienez, eta gainera berandu iritsi zen, erregulazio espedienteen olatua hasi eta lau hilabetera”.

EH Bilduren proposamenak programa horren gabeziak zuzentzea du xede. Jaurlaritzak jarritako baldintzen ondorioz, pandemia hasi zenetik erregulazio espedientean egon diren 10 langileetatik zortzi programatik kanpo, laguntzarik gabe, geratu dira, azaldu du Rodriguezek. Hortaz, hori zuzentzeko, diru-laguntzek atzeraeginezko izaera izan dezatela eskatu dio Lakuari, bai eta laguntzen zenbatekoa igotzeko ere, “langileen familia ardurak eta langabezia sariaren zenbatekoa kontuan hartuta”.

Halaber, Urkullu Gobernuaren programa hil honen 30ean bukatuko dela jakinda, EH Bilduk laguntzak jasotzeko epea luzatzea proposatu du, aldi baterako lan erregulazioak ere luzatuko direlako. Azkenik, Rodriguezek behar-beharrezkotzat jo du “baldintzak betetzen dituzten langile guztiei laguntza bermatzea, eta horrek Jaurlaritzak zuzkidura ekonomikoa ziurtatzea eskatzen du; hau da, baldintzak betetzeak ez du gaur laguntzak jasotzeko eskubidea bermatzen, hori aurrekontu-zuzkiduraren mende geratzen delako. Guk hori zuzentzeko eskatzen diogu Gobernuari, baldintzak betetzen dituzten langileei laguntzak berma diezazkiela”.