AKTUALITATEA


| 2022-10-06 12:07:00

Pasa den maiatzean egin bezala, 12 urtetik beherako umeentzat garraio publikoa doakoa izan dadila proposatu du gaur EH Bilduk, eta Jaurlaritzari eskatu dio, batetik, bere eskumeneko garraio publikoetan neurri hori aplikatu dezala eta, bestetik, Euskadiko Garraio Agintaritzan gainerako instituzioak bultzatu ditzala gauza bera egitera. Hala ere, maiatzean bezala, proposamena bertan behera geratu da EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dutelako, Voxek bezala.

Unai Fernandez de Betoñok 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna defendatu du, egungo krisi ekonomiko eta klimatikoan garrantzitsua delako familiei egunerokotasuna erraztea eta garraio publikoa sustatzea. Halaber, EAJren eta PSEren koherentzia falta salatu du, Legebiltzarrean bi aldiz bota dutelako atzera EH Bilduren proposamena, maiatzean eta gaur, baina Gasteizko Udalean, aldiz, neurri bera babestu dutelako. “Zergatik Gasteizen bai, baina Bilbon edota Donostian ez? Gasteizen gauza bat defendatzen dute eta Legebiltzarrean kontrakoa, baina azkenean EH Bilduk proposatutakoa onartzen amaituko dute”.