Larrabetzu

Albisteak

Euskaraldiarekin bat egiten dugu


euskara irabazpidean jartzeko estrategia aurrera eramango dugu

| 2020-11-18 13:44:00

Euskaraldia antolatzen duen Topagunearen hitzetan, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, entitate eta taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune–en bidez.

 

Euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez dira alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dago, hobeto, baina ez aski. Izan ere, euskara ez da hizkuntza normalizatua izango gure lurralde guztietan hizkuntza ofiziala ez bada.

 

Ezin da ukatu azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrerapauso esanguratsuak ematea. Egun, inoiz ez bezala, euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik; eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik, eta euskara ez da hizkuntza ofiziala Euskal Herriko lurralde guztietan.

 

COVID-19ak, gainera, agerian utzi du euskarak bizi duen egoera. Urte honetan, pandemiak mundu osoa erasotu du. Alabaina, gehien sufritzen dutenak pobreak eta baztertuak izan badira, hizkuntza gutxituek latz sufritu dituzte pandemiak ekarritako ondorioak. Euskara zokoratua eta, kasu askotan, desagertu izan da. Testuinguru honetan etorri zaigu aurtengo Euskaraldia. EH Bilduk bat egiten du ekimenarekin, aktore nagusiak herritarrak diren neurrian, eta elkarte zein erakundeen aldetik jasotzen ari den atxikimenduarekin bat eginez. Horregatik, EH Bilduko emakume eta gizonak, egunero eta urte osoan egiten dugun moduan, 11 egun horietan ere Ahobizi edo Belarriprest rolean jarduteko konpromisoa hartzen dugu, baita kolektiboki jardun ahal izateko arigune-ak ahalbidetzekoa ere.

 

Sinetsita gaude Euskaraldia azken urteotako euskara biziberritzeko jarduna astintzeko lagungarri izango dela, unibertso euskaltzalea aktibatzeko, herri bezala dagokigun berariazko hizkuntza zabaltzen jarraitzeko, euskara ikasten, irakasten eta egunerokoan eraikitzen ari diren milaka emakume eta gizon horien lana nabarmentzeko, eta oraindik daukagun lan eskergarako indarrak eskuratzeko. Baina, bistan denez, hori guztia ez dugu lortuko Euskaraldiaren bidez soilik. Horretarako, eta euskaradun herritar garen neurrian, geure etorkizuna bermatze aldera, herri gisa dagozkigun estrategiak landu, adostu eta aurrera eramaten jarraituko dugu. Egunerokoan eta esparru orotan. Konpromiso zehatzak hartuz modu pertsonal zein kolektiboan, euskara irabazpidean jartzeko.

 

Herritar burujabe izan nahi dugun neurrian, euskara burujabe izatea ezinbestekoa baitugu. Horregatik, euskararen osasuna indartuko duen ekimen oro bultzatzeko konpromiso irmoa dugun neurrian, EH Bildu osatzen dugun emakume eta gizonok Euskaraldian ere parte hartuko dugu, geure etxe, lantoki, elkarte, erakunde eta lagunartean.