Kongresua-Senatua

Albisteak

Udalen finantziazioa handitzeko eta Europako funtsen gardentasuna bermatzeko Espainiako Gobernuaren konpromisoa lortu du EH Bilduk


Espainiako Gobernua osatzen duten indarren konpromisoa lortu du ezkerreko indar soberanistak, zuzenketen fasean dekretua tokiko erakundeentzat funtsezkoak diren bi elementutan alda dadin.

| 2021-01-28 13:05:00

Euskal Herria Bildu talde parlamentarioak Kongresuan dituen bost diputatuek ez dute oztopatuko Europako funtsen kudeaketari buruzko dekretuaren tramitazioa; horren truke, Espainiako Gobernuak udalen finantziazioa handituko du eta prozesu osoa gardena, eskuragarria eta parte-hartzailea izango dela bermatuko du. Akordio horri esker, dekretua hobetzea posible izango da zuzenketen fasean.

"Hemen gaude erabakigarriak izateko. Herritarren premiei irtenbideak ematen saiatzeko. Erabakigarriak izan nahi dugu, jendearen bizitza hobetzeko neurrietan eragina izateko", esplikatu du Oskar Matutek, EH Bilduren Kongresuko bozeramaileordeak. Hala baieztatzen du ezkerreko indar subiranistak azken hilabeteotan Kongresuan izan duen jarduerak, eta hori izan da EH Bilduk egunotan koalizio gobernua osatzen duten indarrekin izandako elkarrizketetan defendatu duen jarrera.

EH Bilduko diputatuak honela azaldu du Kongresuko hizlarien tribunatik: "Espainiako Gobernua sostengatzen duten indar politikoen konpromisoa dugu zuzenketen fasean Errege Dekretua aldatzeko, herritarrentzat funtsezkoak diren bi elementutan". Pedro Casares Hontañon PSOEren bozeramaileak konpromiso hori berretsi du. Hona hemen adostutako konpromisoak:

  • Gardentasun eta kontrol-bermeak proiektuen jarraipena ziurtatzeko, programaren ardatzetara egokitu daitezen, gizarte erakundeek proposatzen duten bezala.
     
  • Udalen finantzaketa handitzea, udal guztiek ekonomia erreala eta gizarte-sarea eraikitzeko gaitasun eta baliabide handiagoak izan ditzaten.


Matutek Espainiako Gobernuaren Errege Dekretua funtsezko bi termino horietan aldatzeko beharra azpimarratu du; izan ere, bere hitzetan, prozesu horretan "gardentasuna eta kogobernantza falta nabarmenak izan dira" eta, aldiz, "opakotasuna agerian geratu da". Europako funtsak jasotzearen truke, Europako Batasunak jartzen dituen baldintza eta eskakizunez ohartarazi du EH Bilduko diputatuak, eta gobernuen arteko elkarlanean sakontzeko eskatu du, EH Bilduk erdietsitako konpromisoen onura soziala nabarmenduz.

"Egongo da esaten duenik independentismoak soilik bere buruarentzat eta bere lurraldearentzat lortzen dituela gauzak. Baina gaur hemen lortutakoak argi eta garbi erakusten du independentismoak gizarte osoarentzat eskuratzen dituela onurak. Ez dago Espainiako Estatuko udalik, edozein koloretakoa izanda ere, herritarren bizimodua hobetzeko baliabide gehiago nahi ez duenik. Ez dago gizarte zibileko erakunde antolaturik Europako funtsen gaineko kontrol, parte-hartze eta gardentasun gehiago eskatzen ez duenik", azpimarratu du Matutek.