AKTUALITATEA


| 2021-05-24 09:47:00

Espainiako Senatuak asteazken honetan eztabaidatuko du COVID-19aren kontrako txertoen patenteen aldi baterako liberalizazioa sustatzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Gorka Elejabarrieta bozeramaileak defendatuko duen egitasmoaren helburu nagusia Europako Batasunaren eta Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) aurrean jarrera bateratua adostea da, eta hala eskatuko dio Senatuari, "txertoen banaketa, eskuragarritasuna, irisgarritasuna eta doakotasuna bizkortzeko asmoz".

Txertoen eskuragarritasun "mugatua eta eskasa" dela kontuan hartuta, ezkerreko indar subiranistak uste du premiazkoa dela txertoen patenteak altxatzeko erabakiak bizkortzea Europako Batasuneko erakundeetan; bereziki, Munduko Merkataritza Erakundearen ekaineko eztabaidari begira. Era berean, EH Bilduren mozioak COVAX mekanismoa indartzeko deia egiten du, txertoak eskuratzeko aukera handiagoa duten herrialdeek ekarpen handiagoa egin dezaten baliabide gutxiago dituzten herrialdeen mesedetan; horrek aukera emango luke mekanismo horrek helburu duen "berdintasuna" lortzeko eta txertaketa prozesuaren egungo desoreka hausteko.
 

India eta Hegoafrika, egitasmoaren bultzatzaile

EH Bilduren Senatuko bozeramailearen hitzetan, txertoen patenteen altxatzea "teknologiaren transferentziaren" eskutik egin beharko litzateke txertoen ekoizpena handitzeko. Horri esker, posible izango litzateke txertoen banaketa mugarik gabe egiteko mundu osoan eta, garrantzitsuena, herritar guztien immunizazioa ahalik eta lasterren lortzeko. "Txertoak guztion ondasun bihurtzea ekarriko luke erabaki horrek, kutsatze gehiago, heriotza gehiago eta pandemia gogortuko luketen aldaera berriak saihestuz. Funtsezkoa da txertoen ezagutza eta teknologia partekatzea".

EH Bilduk uste du salbuespen egoeren aurrean salbuespenezko neurriak behar direla. "Egungo osasun krisi globalak konponbide globalak eta ezohikoak behar ditu". Elejabarrietaren arabera, Espainiako Estatuak bat egin beharko luke hainbat herrialdek txertoen patenteak askatzearen alde hasitako bidearekin. Munduko Merkataritza Erakundearen aurrean liberalizazioa eskatzen lehen herrialdeak India eta Hegoafrika izan ziren, joan den urteko urrian; dagoeneko 100 estatu, erakunde humanitario, zientzia arloko eragile eta gobernuz kanpoko erakunde ugarik babestu dute Indiak eta Hegoafrikak bultzatutako ekimena. Berriki, EH Bilduren Kongresu eta Senatuko bozeramaileak Espainiako Estatuko Indiako enbaxadorearekin bildu dira Madrilen, txertoen patenteak altxatzearen alde martxan jarritako egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko.

Txertaketa erritmoaren desoreka

Egungo erritmo desorekatuak txertaketa prozesuan eragin ditzakeen ondorio eta arriskuez ohartarazi du Elejabarrietak. "Errenta ertain-altuko herrialdeetan, lau pertsonatik batek jada txertoa jaso du; errenta baxuko herrialdeetan, ordea, 500 biztanletik bakarrak. Oxfam erakundeak gogorarazten digu txertoen %51 munduko biztanleriaren %13 osatzen duten herrialdeen esku dagoela", nabarmendu du, gaineratuz Hegoaldeko herrialdeek txertoak azkar eskuratzeak "mutazioak saihestuko lituzkeela". Aldiz, txertoak herrialde aberatsenek soilik bere gain hartzen badituzte, txertoek eraginkortasuna galduko lukete, herritar guztiak arriskuan jarriz.

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, egungo txertaketa erritmo desorekatua mantenduz gero, Europak 2021ean amaituko luke herritarren gehiengoaren txertaketa, eta Hegoaldeko herrialdeek, berriz, 2022an edo 2023an egingo lukete. Farmazia enpresa handien monopolioari amaiera emateko deia egin du EH Bilduk Senatuan duen bozeramaileak: "Txertoen ekoizpena enpresa farmazeutiko gutxi batzuen menpe dago, eta horien banaketa herrialde aberatsek bereganatzen dute, produkzioaren monopolioa duten farmazeutiken espekulazioei bide emanez".