Kongresua-Senatua

Albisteak

Torturaren erabilera sistematikoa aitortzen ote duen galdetuko dio EH Bilduk Pedro Sanchezi


Mikel Zabaltzaren auzia Kongresura eramango du asteazken honetan Mertxe Aizpurua bozeramaileak, Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela eta sistematikoki torturatzen zela frogatu ostean.

| 2021-02-22 11:51:00

«Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?». Guardia Zibilak azken hamarkadetan euskal herritarren kontra eginiko torturen inguruan galdetuko dio Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Pedro Sanchezi. Asteazken honetan, Mertxe Aizpurua bozeramaileak Mikel Zabaltzaren kasua eramango du Diputatuen Kongresuko kontrol saiora, Guardia Zibileko goi agintarien ahots grabazio batzuek Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela baieztatu ostean.

'Público' egunkariak gaur argitaratutako audioetan, Luis Alberto Perote CESIDeko zerbitzu sekretuetako koronel ohiak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak (1997an karguz igo zuen Defentsa Ministerioak GALekin lotura izan arren) onartu egiten dute Zabaltza torturak jasan ostean hil zitzaiela Intxaurrondoko kuartelean. Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabaltza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan gelditu zaie. Nire irudipena da galdeketan bihotzekoak eman ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Akats asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten, besteak beste. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabaltzari».

Tortura sistematikoa

EH Bilduren arabera, gaur argitaratutako adierazpenek berretsi egiten dute torturaren erabilera sistematikoa izan dela Euskal Herrian. Isilpean eta inpunitatean mantendu nahi izan duten arren, urteetan euskal herritar orok zekitena baieztatu dute Guardia Zibileko goi karguen hitzek: Mikel Zabaltza torturatuta hil zuten Intxaurrondon. «Tabu eta mespretxurik gabe argitu, aitortu eta erreparatu behar den errealitate baten aurrean gaude. Bada garaia herri honetan gertatutakoa aitortzeko». Aizpuruak «beldurgarritzat» jo du Peroten eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketa, eta herritarrek lehendik bazekitena frogatuta gelditu dela uste du. EH Bilduko diputatuaren iritziz, «txunditzekoa da Guardia Zibilek torturez hitz egiterakoan erakutsitako lasaitasuna, jakin badakitelako zigorgabe geratuko direla».

Zabaltza 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta Intxaurrondoko kuartelera eraman eta egun batzuetara desagertu zen. Abenduaren 15ean aurkitu zuten Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian. Bertsio ofizialaren arabera, Bidasoa ibaian itota hil zen poliziengandik ihesi nahian, baina gaur argitaratutako ahots grabazioek berretsi egiten dute Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil ondoren bota zutela ibaira.