AKTUALITATEA


| 2022-03-23 10:32:00

"Zergatik aldatu du gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera Kongresuko gehiengo parlamentarioaren aurka?". EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk galdera zuzena egin dio gaurko kontrol saioan Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako ministroari, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko duen jarrera aldaketa ulertezinaren inguruan azalpenak eman dezan. Iñarrituren ustez, gobernuak hankasartze eta zentzugabekeria "politiko, komunikatibo eta diplomatiko" handia egin du krisi honen kudeaketan, eta benetako azalpenak eskatu dizkio Kanpoko gaietako buruari: "Espainiako Gobernuak neutraltasun historikoa alde batera utzi du Marokoren proposamena esplizituki babesteko. Zein da Marokoren konpromisoa? Zer irabazten du Espainiako Estatuak jarrera aldaketa honekin? Zeren truke?".

Ezkerreko indar subiranistaren ordezkariak agerian utzi du gobernuaren babes falta eta bakardadea gatazka honetan, 180 graduko biraketa egin baitu aldebakarrez eta arrazoirik gabe, Kongresuko gehiengoaren, PSOEren hauteskunde programaren eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen aurka. "Paradoxikoa da. Espainiako Gobernuaren izenean jarrera bat defendatzen ari dira gobernuko kideak, Kongresu honen gehiengoaren babesa ez badute ere", gogorarazi du Iñarrituk, trukean Marokoren aldetik lortutako konpromisoak zalantzan jarrita: "Marokorekin krisia itxi duzue eta krisi hirukoitza eragin duzue aldi berean: Fronte Polisarioarekin, Aljeriarekin, gobernuko bazkideekin eta gobernua sostengatzen duen bloke aurrerakoiarekin".
 


Aldebakarreko erabakia

Hori gutxi balitz, Espainiako Gobernuak bere kabuz gauzatu du jarrera aldaketa, gobernukideak, inbestidura babestu zuten alderdiak eta oposizioko indarrak jakinaren gainean jarri gabe. "Estatuko gizarteak Marokoko monarkiaren filtrazio baten bidez izan du jarrera aldaketa horren berri, eta gaur, bost egun geroago, 'El País' egunkariari egin diozuen filtrazio baten ondorioz ezagutu dugu gutunaren edukia. Gardentasun ariketa bitxi samarra zuena", kritikatu du Iñarrituk, eta nabarmendu EH Bilduk elkartasun eta babes osoa helarazten diola saharar herriari, kanpoko esku hartzerik gabe erabaki dezaten beren etorkizun instituzionala Nazio Batuen ebazpenetan oinarrituta.

Bere erantzunean, Albares ministroak ukatu egin du gobernuak Sahararekiko jarrera aldatu duenik, Zapaterok eta Rajoyk egungo gobernuaren jarrera bera defendatu zutela argudiatuta. Hala ere, kontraesan batean erori da, Espainiako Estatuak Sahararekiko jarrera argirik ez zuela ziurtatu baitu. "Ez da jarrera aldaketa bat. Nazio Batuen esparruan gaude, zehazki NBEren 26. ebazpenean. Espainiak lehen ez zuen jarrera bat, ikusle hutsa zen gatazka honetan. Espainiak orain aktore zuzen izan nahi du", erantzun dio Iñarrituri. Azkenik, "elkarrekiko onargarria den irtenbide politiko baten" alde agertu da Albares, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenen barruan. EH Bilduko diputatuak egindako galderei ez erantzutea leporatu dio.