AKTUALITATEA


| 2022-04-06 10:46:00

"Etsigarria, onartezina eta lotsagarria" iruditu zaio EH Bilduri Pedro Sanchezek gaurko kontrol saioan Pablo Gonzalezen atxiloketa inkomunikatuari buruz emandako erantzuna. Talde subiranistaren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak esku hartzea galdegin dio Espainiako Gobernuko presidenteari. Alde batetik, eskatu dio kexa formal bat aurkeztu dezala Poloniako erakundeen aurrean eta, bestetik, irmotasunez sala dezala euskal kazetariak azken asteotan jasan duen eskubide urraketa. Informazio askatasunerako eskubidearen aurkako erasotzat jo du Aizpuruak: "Egoera larria da. Polonian inkomunikatuta dago duela hilabete batetik, babesgabetasun absolutuan», ezin izan baitu hitz egin ez familiarekin ezta konfiantzazko abokatuarekin ere. Hori guztia Europako Batasuneko herrialde batean gertatzen ari da; Poloniak nazioarteko erakundearen Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 18 artikulu urratu ditu", gogorarazi du.

EH Bilduko bozeramaileari emandako erantzunean, Espainiako Gobernuko presidenteak saihestu egin du euskal kazetariak asteotan pairatu duen babesgabetasuna politikoki salatzea, eta elkartasuna adieraztea hobetsi du Gonzalezen oinarrizko eskubideak urratzen ari den herrialdeari, Ukrainako gerratik ihesi doazen errefuxiatuak jasotzeagatik. Sanchezek baztertu egin du, gainera, Poloniara kexa formal bat aurkeztea kazetariaren espetxeratzeagatik, EH Bilduk eskatu bezala. Ziurtatu du aurrerantzean ere laguntza kontsularra emango diotela kazetariari, eta prozesu judizialaren bilakaera "arreta handiz" jarraituko dutela. Hitz etsigarriak dira, Aizpuruaren aburuz; bide politikoa indartzeko deia egin du diputatuak. "Presio diplomatiko eta politiko guztia erabiliz bakarrik lortuko dugu Pablo Gonzalezi kendutako eskubide guztiak itzultzea eta hura lehenbailehen espetxetik ateratzea", ohartarazi du Aizpuruak.

 

Kexa formala Poloniaren aurrean

EH Bilduko bozeramaileak aitortu du ezagutzen dituztela gobernuak auzi honetan eginiko kudeaketak, baita Espainiak Polonian duen kontsularen bisita ere, baina gaineratu du orain arte eginiko urratsak ez direla "nahikoak" izan. Koalizio subiranistaren arabera, Espainiako Gobernua ezin da mugatu soilik laguntza kontsularra eskaintzera: "Sanchez jauna, jarrera eta salaketa argia eskatzen dizugu auzi larri honetan. Kexa formal bat aurkezteko ordua da Poloniaren irregulartasunen aurrean", esan dio Aizpuruak Espainiako gobernuburuari, Poloniarekin dituen harremanak Gonzalezen oinarrizko eskubideen benetako defentsaren aurretik jarri dituela salatuz.

Aizpuruak deitoratu egin du Espainiako Gobernuko presidenteak Pablo Gonzalezen familiarekin enpatia minimo bat ere agertu ez izana, gertuko keinurik ez baitie helarazi gaurko hitzartzean. Halaber, EH Bilduren diputatuak kritikatu du Sanchezek nahiago izan duela zalantzak eragin errealitatearekin bat ez datozen susmo faltsuak elikatuz, Poloniaren jokabide onartezina salatzeko konpromisoa hartu beharrean. Gonzalezen senideen informazioaren arabera, euskal kazetariak ez du ezkutatzeko ezer, eta inola ere ez dio adierazi kontsulari kasuari buruzko informaziorik ez argitaratzeko; errugabea ere dela berretsi du. Gonzalo Boyé abokatuak berak hitzok gezurtatu ditu, eta argitu du Sanchezen adierazpenak ez datozela bat errealitatearekin.