Kongresua-Senatua

Albisteak

Nagorno Karabajera laguntza humanitarioa bidaltzeko eta armen salmenta eteteko eskatu du Kongresuak, EH Bilduren ekimenez


Jon Iñarritu diputatuak aurkeztutako Legez besteko Proposamena onartu du Kongresuak, gehiengoz. Nazioarteko erakundeei modu aktiboan inplika daitezela eskatu die EH Bilduk, gatazkari "irtenbide baketsu eta negoziatua" emateko asmoz.

| 2020-11-16 16:33:00

EH Bilduk bultzatutako Legez besteko Proposamen bat onartu du, gaur, Diputatuen Kongresuak, Nagorno Karabajera laguntza humanitarioa bidaltzeko, Azerbaijani armarik ez saltzeko eta nazioarteko erakundeei "gatazkari irtenbide baketsu eta negoziatua" lortzeko aktiboki inplika daitezela eskatzeko. EH Bilduren egitasmoa gaur arratsaldean eztabaidatu da Kongresuko Nazioarteko Lankidetza Batzordean, eta PSOE, Unidas Podemos eta Junts per Catalunya alderdien babesa jaso du, erdibideko zuzenketa bati esker: 19 diputatuk alde bozkatu dute; 10 diputatuk, kontra; eta 5ek abstentziora jo dute.

Egitasmoaren egile Jon Iñarritu diputatuak nabarmendu du oraindik ere "premiazkoa" dela Nagorno Karabajeko errefuxiatuei laguntza humanitarioa bidaltzea eta nazioarteko erakundeek jarrera proaktiboa mantentzea, Artsakheko Errepublikako gatazka nazioarteko agenda humanitariotik desager ez dadin. "Joan den astean su-etena adostu arren, gatazkak aurrera jarraitzen du, ez da amaitu, eta konponbide iraunkorra bilatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu", azaldu du.

Duela astebete, Europako Batasuneko parlamentari eta kazetariek osatutako behatzaileen ordezkaritza batean parte hartu du Iñarrituk. Diputatuak bertatik bertara ezagutu du Armeniako eta Artsakheko Errepublikako egoera, eta bertatik bertara ikusi ahal izan ditu Azerbaijango eta Turkiako erasoek eragindako kalteak. Iñarrituk gatazkari irtenbide baketsu eta negoziatua bilatzeko exijitu dio nazioarteko komunitateari, krisi humanitarioa areagotu ez dadin: "Nagorno Karabajeko herritarren aurka egin nahi duten genozidio arriskuaren eta garbiketa etnikoaren aurrean, munduak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu".

Krisi humanitarioa

Nagorno-Karabajen aurkako erasoa iragan irailaren 27an hasi zuen Azerbaijanek, Turkiaren eta Nagorno Karabaj​era joandako mertzenario islamisten sostenguarekin. Sei hilabetez, herritarrei eta azpiegitura zibilei eraso egin diete, lurraldeko biztanle gehienen desplazamendua eraginda, bai Nagorno Karabaj barruan, eta baita Armenian ere. Iñarrituk ez du zalantzarik krisi humanitario baten aurrean gaudela: "Nagorno-Karabajeko 150.000 biztanleetatik gehienak Armeniara joan dira. Dagoeneko 100.000 errefuxiatu edo desplazatu baino gehiago daude. Azpiegitura zibilen (errepideak, zentral elektrikoak, komunikazio-sareak, ospitaleak, elizak eta ikastetxeak) aurkako erasoen eta neguaren etorreraren ondorioz, egoera jasanezina bihurtu da".

Armen esportazioa, etenda

Era berean, gaur onartutako egitasmoaren bidez, Azerbaijani armen esportazioa eta erabilera bikoitzeko material militarraren salmenta aldi baterako eteteko eskatu dio Kongresuak Espainiako Gobernuari; gutxienez, gatazkak irauten duen bitartean. Iñarrituren iritziz, Nagorno-Karabajeko gatazkak irauten duen bitartean armarik ez saltzeko eskatzea Espainiako Estatuari "eska dakiokeen gutxienekoa da". "Debekatuta dauden arma ez konbentzionalak erabili dituzte Azerbaijanek eta Turkiak; besteak beste, luku-bonbak eta fosforo zuria. Arma horiekin mota guztietako gerra krimenak egin dituzte azken asteetan, informazio agentzia ugarik jakinarazi dutenez: exekuzio sumarioak, gorpuen mutilazioak eta dekapitazioak, besteak beste", salatu du diputatuak.