AKTUALITATEA


| 2022-03-11 09:42:00

EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskaera aurkeztu du gaur Kongresuan, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia argitzeko asmoz. Egitasmo horrekin, EH Bilduk Martxoak 3 elkarteak eginiko aldarrikapen etengabeei erantzun nahi die, erantzuleei dagozkien erantzukizunak argitzeaz gain. Polizia Armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartze eta erantzukizuna ikertzea da batzordearen helburu nagusia. Halaber, Espainiako Gobernuaren ezagutza, inplikazio eta erantzukizun maila argitzea, zuzenean inplikatutako ministroen (Rodolfo Martín Villa, Manuel Fraga Iribarne eta Alfonso Osorio) balizko inplikazio penala ezagutzea eta martxoaren 3ko biktimen eta euren senideen aitortzan, erreparazioan eta egiaren bilaketan aurrera egiteko baliabideak eskaintzea nahi du EH Bilduk. 

“Sarraskiaren 46. urtemugarekin batera, martxoaren 3ko biktimek beste dei bat egin dute hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta gertatutakoa argitzeko eta justizia egiteko beharrezko mekanismoak martxan jartzeko”, gogoratu du EH Bilduren Arabako diputatu Iñaki Ruiz de Pinedok. Azken urteotan biktimek izan duten babes instituzional eta politikoa nabarmendu behar den arren, adierazpen horiek ez dira aski izan mekanismo eraginkor bihurtzeko eta erantzukizunak argitzeko. Uneotan, irekitako auzibide bakarra da 2010ean Servini epaileak Argentinan zabaldu zuena frankismoaren krimenen aurka, frankismoan zehar Espainiako Estatuan egindako gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko jurisdikzio unibertsalaren printzipioan oinarrituta. Baina Espainiako Gobernuak eta Espainiako justiziak uko egin diote behin eta berriz kereila horri laguntzeari, eta sarraskiarekin zerikusia duten dokumentu guztiak sekretupean gorde dituzte.
 

Martin Villaren erantzukizuna

Duela gutxi, gosari informatiko batean, Sindikatu Harremanen ministro izan zen Rodolfo Martin Villak onartu zuen martxoaren 3ko sarraskiaren “arduradun politikoa eta penala izan zitekeela”. Ordu batzuk geroago, EH Bilduk Kongresuan Villaren presazko agerraldia eskatu zuen, baina eskaera hori atzera bota zuen Kongresuko Mahaiak, egungo gobernuko kidea ez zela eta haren aurkako ikerketarik abian ez zegoela argudiatuz. “Bistan da Martin Villak gertatutakoa argitzen lagunduko lukeen informazioa duela, eta EH Bildutik ez dugu amore emango martxoaren 3ko biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko ahaleginean”, gaineratu du Ruiz de Pinedok.

1976ko martxoaren 3an, Gasteizek sufritu zuen langileen aurkako erasorik handiena. Bost langile hil zituzten, eta ehun baino gehiago zauritu; Espainiako polizia armatuak Zaramagako eliza hustu bitartean botatako tiroen ondorioz hil ziren gehienak. Aurretik, baina, gaseatu egin zuten eliza greban zeuden langileen batzarra egin bitartean. 46 urte geroago, ez dute inor epaitu gertakari larri horiengatik, eta estamentu ofizialetan oraindik ere diktadura frankistak inposatutako bertsio ofiziala da nagusi, biktimak kriminalizatzen dituena.