Kongresua-Senatua

Albisteak

Lurrikara arriskuen aurrean Esa urtegi inguruko bizilagunen segurtasuna bermatzeko eskatu du EH Bilduk


Urtegia handitzeko lanen gainkostuak salatu ditu EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak, eta azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari berriki gertatutako lurrikaren inguruan. Esku hartzeko garaia dela dio.

| 2020-10-13 10:49:00

Hainbat geologok, Uraren Kultura Berria fundazioarekin batera, Esako urtegiari buruz egindako ikerketa batek presaren indarra lur jausi baten parekoa dela frogatu ostean, EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak galdera sorta bat erregistratu du Kongresuan, hazkundearen gainkostuak kritikatzeko eta Espainiako Gobernuari inguruaren sismikotasunari eta azkenaldiko lurrikarei buruzko azalpenak eskatzeko. "Lurrikarek izan ditzaketen ondorioak baloratu dira? Gaur egungo 447 hektometro kubikoko edukiera 1.080ra igotzeko plana mantentzeko asmoa du? Baloratu al dira horrek sor ditzakeen ondorioak? Zer ondorio izan ditzake urtegiaren edukiera handitzeak?", galdetu du Pozuetak.

Pozuetak ohartarazi duenez, ikerketaren arabera, urtegiaren segurtasun faktorea 1 da, eta segurtasun faktorearen nazioarteko estandarretan oinarrituta, "Zangotza eta urtegiaren kuotaren azpian dauden beste herri batzuk ere ebakuatuta egon beharko lirateke". Diputatuak Gobernuari galdetu dio ea esku hartze zehatzik egingo ote duten urtegi inguruko bizilagunen segurtasuna babesteko, eta premiazko neurriak hartzeko eskatu dio. "Kontuan hartuta egungo ordainketa 4,5 aldiz biderkatu dela 2000. urtean gehikuntza-proiektua esleitu zenetik, eta 100 m €-tik 450 m €-ra igaro dela, gaingkostu horren arrazoiak zehaztu beharko lituzke Gobernuak. Arrazoiak segurtasunarekin lotuta badaude, Esa handitzeko beste aukeraren bat aztertzen ari da?".

Aurretik aurkeztutako egitasmoak

Azken hilabeteetan, gainera, Pozuetak Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroaren agerraldia eskatu du Kongresuan, Espainiako Gobernuak Esa urtegitik kilometro gutxira dagoen lurrazpiko meategi handienari emandako babesa azaltzeko; izan ere, hainbat erorketa eta irristatzeko arriskua egon dira azken boladan.

Era berean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren presidenteak Trantsizio Ekologikoaren Batzordearen aurrean azalpenak emateko eskaera ere erregistratu du Nafarroako diputatuak, lurrikarak eta urtegiaren eskuineko hegalean pitzadura berriak agertu ostean urtegiaren egungo egoerari buruzko xehetasunak eman ditzan.

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da egin dituzten edo egingo dituzten ikerketak eta txostenak ezagutaraztea. "Zergatik agertu dira pitzadurak? Zer neurri hartuko ditu Espainiako Gobernuak eskuineko hegalaren segurtasuna bermatzeko? Handitze lanak geldiarazteko prest legoke Gobernua? Hazkundearen arriskugarritasunaz jakitun da?", galdetu du Pozuetak.