AKTUALITATEA


| 2022-02-02 19:08:00

EH Bilduren Legez besteko Proposamena onartu du gaur Kongresuko gehiengo parlamentarioak, Espainiako Gobernuari eskatuz ahalik eta lasterren berresteko Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 hitzarmena, etxeko langileen eta zaintza lanez arduratzen diren pertsonen eskubideak aitor daitezen. EH Bilduren Nafarroako diputatu Bel Pozuetak honela azaldu du egitasmoaren muina: "Behar-beharrezkoa da etxeko langileei, baita egoera irregularrean zaintza lanak egiten dituztenei ere, beren lan eskubide osoak aitortzea, salbuespenik gabe, gainerako langileek dituzten eskubideekin parekatuz".

Ituna onartu eta 10 urtera (2013an sartu zen indarrean), EH Bilduk uste du badela garaia Espainiako Gobernuak 189 hitzarmena eta 201 gomendioa betetzeko. Gaur onartutako egitasmoa norabide horretan doa. "Oinarrizko eskubideez ari gara, duintasunaz. XXI. mendeko lan-esplotazioarekin eta esklabutzarekin amaitzeko ordua da. Ez da bidezkoa gutxieneko lan eskubide duinak aitortu gabe izatea", nabarmendu du Pozuetak. Diputatu subiranistak gaineratu du etxeko eta zaintza lanak askotan ikusezinak izan arren, "modu erabakigarrian" eragiten dutela egungo gizartearen bizi kalitatean eta guztion ongizatean, "pertsonen, familien eta, oro har, bizitzaren iraunkortasunean laguntze baitu". Bete-betean, gainera: "Desorekak iraultzeko unea da".

 

Desoreka nabarmenak

EH Bilduko diputatuak azaldu duenez, berresteke dagoen OITren hitzarmenak gutxieneko babes eta baldintzak ezartzen ditu ordainpeko etxeko lanak egiten dituzten langileentzat. Besteak beste, derrigortutako lanari, diskriminazioari eta haurren lanari aurre egiteko betebeharrak jasotzen ditu, baita sindikatuetan antolatzeko eta negoziazio kolektiborako eskubideak lehenesten ditu.

Era berean, etxeko eta zaintzako lanek eragiten duten balio ekonomiko eta sozial sendoa aitortzen du, eta esku hartzeko deia egiten du etxeko langileek jasaten dituzten bazterkeria eta eskubide urraketei amaiera emateko. "Desoreka nabarmenak daude soldatari, atseden orduei,  oporrei, aparteko ordainsari osoei, ordu presentzialei eta laguntza sozialei dagokienez; baita lan istripu eta gaixotasunen ondorioz berma beharreko babesari, langabezia saria jasotzeko eskubideari edota erretiro aurreratua hartzeko aukerari ere dagokionez", salatu du.
 

Lan feminizatuak

Pozuetaren arabera, zaintza lanek oraindik ere emakume aurpegia dute: %83 eta %90 artean emakumeak dira. Egungo baldintza eskasek pobreziaren feminizazioa sakondu besterik ez dutela egiten salatu du. Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Argigarriak dira: Nafarroan, orotara, 12.000 emakume baino gehiago ari dira zaintza lanetan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 31.000 emakume inguru dira; Espainiako Estatuan, berriz, 63.000; eta mundu osoan, 55 milioi baino gehiago.

Milaka emakumek bizi duten lan-ezegonkortasunaz ohartarazi du EH Bilduko diputatuak: "Ezkutuko ekonomia oso presente dago sektorean, bereziki emakume migratzaileen kasuan, eta ezegonkortasun etengabea dakar langileentzat, ez baitute inolako eskubiderik: gutxieneko biziraupen baldintzetan lan egiten dute, egoera iraingarriak jasaten dituzte eta abusuak ere pairatzen dituzte, baita sexu abusuak ere, hainbat ikerketek jasotzen duten bezala".