Kongresua-Senatua

Albisteak

Kultura funtsezko ondasun izendatzea onartu du Kongresuak EH Bilduren ekimenez


Ezkerreko indar subiranistak bultzatutako egitasmoak Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoen gehiengoaren sostengua erdietsi du. Izendapenaren helburua "kohesio soziala indartzeko" beharrezkoa den jarduera babestea eta krisi ekonomikoak gogor jotako sektorearen biziraupena bermatzea da. «Kultura funtsezko ondasun izendatzeaz gain, urgentziazkoa da ezinbesteko neurriak abian jartzea adierazpen huts batean gera ez dadin».

| 2021-02-18 15:37:00

Kultura funtsezko ondasun deklaratzeari bide eman dio gaur arratsaldean Diputatuen Kongresuak EH Bilduren ekimenez, «kultur sektore osoaren iraupena bermatzea» helburu duen proposamenaren bitartez. PSOE, Unidas Podemos, ERC, Junts eta EAJren botoei esker onartutako Legez Besteko Proposamenak Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluari galdegin dio Kultura funtsezko ondasun izenda dezala, beste herrialde batzuetan gertatu den bezala, gizartea indartzeko eta kohesionatzeko beharrezkoa den jarduera babestuz. «Ez da adierazpen hutsala, gainera, Europako funtsetan sektorearen etorkizuna bermatuko duten laguntza zuzenak blindatzeko eskaria aurrera ateratzea lortu dugulako».

EH Bilduko bozeramaile eta ekimenaren bultzatzaile Mertxe Aizpuruak ohartarazi du sektorea egoera jasanezinean dagoela gaur-gaurkoz, eta horrek are nabarmenago uzten duela sektorea suspertzen lagunduko duten neurriak hartzeko beharra. «COVID-19aren pandemiak gogor jo du kultur sektorean, eta arriskuak begi bistakoak dira. Luzaroan iraun dezakeen egoera honek ondorio lazgarriak izan ditzake gizartean, neurri eraginkorrik ezean krisiak kalte konponezina eragin dezakeelako kulturan», azaldu du.

Aizpuruak izendapena edukiz betetzearen alde egin du, sektorea egoera latz honetatik aterako duten neurri ekonomikoak onartu eta autonomoentzako, enpresentzako eta langileentzako laguntza zuzenak martxan jarrita, jarduera kulturalaren itzulera baldintza seguruetan egin dadin. «Kultura funtsezko ondasuna dela uste bada, ezinbestekoa da horrela tratatzea. Paradigma aldaketa bat behar da horretarako. Kultura ezin daitekeelako luxu bat izan», azpimarratu du. Kultura defendatzea eta sostengatzea «gizartea eta pertsonak maitatzea da, zure herria maitatzea da». Aizpuruaren aburuz, pertsonek eta gizarteek kultura behar dute pertsona osasuntsuak gizarte osasuntsuetan hezteko.

Europako funtsak

Gaur onartutako adierazpenari esker, Espainiako Gobernuari eskatu diote erresilientzia-funtsetan kultur sektorerako berariazko neurri ekonomikoak blindatu ditzatela; bereziki, kultur langile eta enpresak zuzenean laguntzeko. Aizpuruak dio premiazkoa dela, Kultura oinarrizko ondasun gisa aitortzeaz gain, beharrezko neurriak hartzea «adierazpen huts bat ean gera ez dadin eta gizarte osoak kulturaz gozatu ahal dezan». Ildo horretan, ezkerreko indar subiranistak ezinbestekotzat jo du erreskate plan bat martxan jartzea, krisi ekonomikoak gogor jotako sektore kulturalaren biziraupena lehenbailehen bermatzeko.

EH Bilduko diputatuak gogorarazi duenez, kulturaren, ikuskizunen eta ekitaldien sektoreak Espainiako Estatuko BPGaren %3,8a ordezkatzen du, eta gaur-gaurkoz 700.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu. «Soinua, argiztapena, ikus-entzunezkoak, eszenografia, ekitaldietarako materiala, soinu-teknikak, makillatzaileak, koreografoak, ekoizleak, sustatzaileak, musikariak, artistak... Horiekin guztiekin lotutako enpresez ari gara, besteak beste», zehaztu du Aizpuruak, sektore kulturalaren biziraupena bermatzeko Alemanian, Frantzian, Danimarkan, Portugalen eta Italian hartutako neurriak adibide gisa jarri ostean.