Kongresua-Senatua

Albisteak

Hego Euskal Herriko trenen zirkulazioa eta ordutegiak berrezartzeko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari


Martxoan ezarritako Alarma Egoeraren aurretik zegoen maiztasuna berreskuratzeko mozioa aurkeztu du Senatuan Idurre Bideguren senatariak. Uste du aldirietako trenen zerbitzuak okerrera egin duela azken boladan, eta langile gabeziak ere bete-betean eragin diola zerbitzuari, are gehiago pandemia garaiotan.

| 2020-10-30 10:23:00

Hego Euskal Herriko trenen ordutegi eta maiztasuna berreskuratzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk Espainiako Senatuan, hurrengo asteetan Senatuko Garraio Batzordean eztabaidatuko dena. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako aldirietako trenen egoera larriak bultzatuta aurkeztu du egitasmoa Idurre Bideguren senatariak, egungo egoerari irtenbidea emateko eta Alarma Egoera aurreko trenen zirkulazioa eta ordutegiak berrezartzeko asmoz.

Bidegurenek uste du aldirietako trenen zerbitzuak okerrera egin duela azken boladan, eta langile gabeziak ere bete-betean eragin diola zerbitzuari, are gehiago pandemia garaiotan. "Ez dago langile nahikorik eta, gidarien absentismo igoerari gehituta, egunero-egunero ibilbide ugari gelditzen dira bertan behera, gehienetan aurrez komunikatu gabe, eta komunikatzen direnean denbora tarte oso txikiarekin. Ondorio zuzenak izan ditu horrek: zerbitzuaren kalitateak okerrera egiteaz gain, trenen maiztasuna era nabarmenean gutxitu da, eta milaka bidaiarik pairatu dituzte horren ondorioak", ohartarazi du.

Pandemiak ere gogor jo du sektorean, martxoan COVID-19aren ondorioz ezarritako Alarma Egoera dela-eta trenen maiztasuna murriztu egin zelako. Ibilbide asko eten egin zituzten, eta horren ondorioz, udalerri askotan ez dituzte herritarren beharrizanetara egokitutako tren nahikorik eguneroko ibilbideak egiteko. Hain justu horrexegatik galdegin du ezkerreko indar subiranistak Alarma Egoera aurreko egoerara itzultzea, "langile gehiago kontratatuz eta aldirietako azpiegituren mantenua hobetuz". Zertarako? Itxaron denborak murrizteko eta herritarren beharretara egokitutako zerbitzu bat emateko.