Kongresua-Senatua

Albisteak

Galindo torturatzaileari emandako dominak kentzeko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari


Estatu Terrorismoaren erantzuleetako bat saritzeko eginiko txostenak argitaratzeko eta Rodriguez Galindoren zerbitzu-orria desklasifikatzeko eskaera aurkeztu du Kongresuan Jon Iñarritu diputatuak.

| 2021-02-15 10:54:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak ekimen sorta bat aurkeztu du Kongresuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko bertan behera utz ditzala Enrique Rodriguez Galindo torturatzaileari bizi osoan zehar emandako kondekorazio guztiak. Jon Iñarritu diputatuaren arabera, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da: «Giza eskubideak urratu dituzten poliziei dominak kentzeko ordua da. Guztiei, salbuespenik gabe».

Iñarrituk gogora ekarri duenez, Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' torturatzailea zendu eta egun batzuetara iragarri zuen Espainiako Gobernuak dominak kenduko zizkiola. Konpromiso hori, ordea, ez du oraindik bete. «'Billy el Niño'-k torturatzeagatik kondekoraziorik merezi ez bazuen, Rodriguez Galindok ere ez. Oraingoan ere bide bera jarraituko du gobernuak edo beste alde batera begiratuko du?», galdetu du Iñarrituk.

Horretarako, koalizio subiranistako diputatuak eskaera bat zuzendu dio Kongresuko Mahaiari, Rodriguez Galindoren zerbitzu-orria desklasifikatu eta lehenbailehen argitara dezan, Intxaurrondoko (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelaren buru izandako torturatzailearen jardunbide eta kondekorazio guztiak ezagutarazteko asmoz. «Estatuko terrorismoaren kide honi dominak emateko egin ziren txosten eta espediente guztiak eskuratu nahi ditugu», azaldu du.

Galindoren aldeko mezuak

Azken hamarkadetan Euskal Herrian izan diren tortura kasu latzenen erantzule zuzena da Galindo. Besteak beste, GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu eta hiltzeagatik 75 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta horietatik 4 urte eta 4 hilabete besterik ez zituen bete espetxean. Lasa eta Zabala kare bizian lurperatu zituzten.

Joan den larunbatean Galindo hil bezain pronto, hainbat herritarrek, polizia-elkartek eta hedabide ultraeskuindarrek mezu eta artikulu ugari argitaratu zituzten Estatu terrorismoagatik zigortutako jeneralaren ibilbidea goraipatzeko. Hala salatu du Iñarrituk. Galindo torturatzailearen ibilbidea balioan jartzea gaitzetsi du EH Bilduko ordezkariak, eta onartezintzat jo ditu indar polizialek kasuen arabera aplikatzen dituzten irizpide aldakorrak. «Beste kasu batzuen aurrean ezartzen duten irizpide eta neurketa bera izango dute oraingoan? Edo beste alde batera begiratzen jarraituko dute?». Iñarrituk azalpenak eskatu dizkio Espainiako Barne Ministerioari, eta honako galdera hauek zuzendu dizkio:

  • «Zenbat pertsona atxilotu dituzte terrorismoa goratzeagatik gertakari horien harira? Zenbat pertsona salatu dituzte gertakari horiekin lotuta terrorismoa goratzeagatik? Zenbat ikerketa abiatu dituzte Zigor Kodearen 578. artikuluan aurreikusitako delitutzat jo daitezkeen mezuen aurrean esku hartzeko?».