Kongresua-Senatua

Albisteak

Eskubide Sozialen Europako Gutuna berresteko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari


"24 urte daramatza Espainiako Estatuak egoera hau konpondu gabe". Ez da batere eredugarria". 1996ko Eskubide Sozialen Europako Karta berresteko asmoz, Legez besteko Proposamena aurkeztu du Kongresuan Mertxe Aizpurua bozeramaileak, Europako gainontzeko Estatuekiko eskubide sozialak "desabantaila eta desberdintasun agerikoan" daudela iritzita.

| 2020-11-03 13:01:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Legez besteko Proposamena aurkeztu du Kongresuan, Espainiako Gobernuari Europako Gutun Soziala berretsi dezala eskatzeko, herritarren eskubide sozialak babestu eta blindatzeko helburuarekin. Mertxe Aizpurua bozeramaileak gogorarazi duenez, nazioarteko itun horrek alor sozialeko giza eskubideak barnebiltzen ditu: "1961ean onartu zuten eta, besteak beste, lanerako, etxebizitzarako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea zuen xede. Herritarrak babesteko funtsezko tresna da, finean".

Espainiako Estatuan 1980. urtean berretsi zuen Europako Gutun Sozialaren lehen bertsioa, baina oraindik ez du bere egin 1996an adostutako eguneratzea. Horren ondorioz, 24 urteren ondoren, Europako Gutun Sozialak jasotzen dituen giza eskubideak gaur-gaurkoz ez daude indarrean Espainiako Estatuan. "Konpondu gabeko gaia da". Berrikusitako bertsioa berrestearen garrantziaz mintzatu da Aizpurua, hitzarmena hobetu eta beste zortzi eskubide gehitu baitzituen: "Lanerako duintasuna bermatzea; kaleratzeetan babesa izateko eskubidea; enplegatzailearen kaudimengabezia kasuetan, langileen kredituak bermatzea; familia erantzukizunak dituzten langileen aukera berdintasuna bermatzea; enpresetako langileen ordezkariak babestea; kaleratze kolektiboko prozeduretan informazioa eta kontsulta jasotzeko eskubidea kontuan hartzea; etxebizitzarako eskubidea eta pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako babesa ziurtatzea".

"Ez da ulergarria ezta eredugarria ere"

EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen hitzetan, Europako Gutun Sozial eguneratua ez berrestea "ulertezina da eta ez da batere eredugarria" — Espainiako Estatua da oraindik berretsi ez duten 11 herrialdeetako bat—. Aizpuruak salatu du 1995eko Erreklamazio Kolektiboen Protokoloak ere onartu gabe jarraitzen duela gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuak ez baitu sinatu ezta berretsi ere. "Eredugarria ez den talde baten parte da Estatua. Protokoloa Europako 15 herrialdetan dago indarrean: Frantzian, Portugalen, Belgikan, Kroazian, Zipren, Eslovenian, Finlandian, Grezian, Irlandan, Italian, Herbehereetan, Norvegian, Txekiar Errepublikan eta Suediaz", zehaztu du.

Aizpurua uste du bi hitzarmen horiek berresteak "gizarte-eskubideen babesean beharrezko aurrerapena" ekarriko lukeela, "enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-babesaren eta ongizatearen arloko eskubideak modu zorrotzagoan babestuz"EH Bilduren diputatuak bere egin ditu sindikatuek eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeek behin eta berriz eginiko aldarrikapenak, eta gogorarazi du bi hitzarmen horiek jarraipen zehatzak egiteko eta helegiteak jartzeko mekanismo berriak martxan jarriko lituzketela, "hitzartutako neurriak betetzen ez dituzten Estatuen aurrean esku hartzeko".

Giza eskubideekiko konpromiso irmoa

"Nazioarteko betebeharrak onartzea, itun aurreratuenak berretsiz, Estatuek giza eskubideekiko eta berme demokratikoekiko duten konpromisoaren adierazle ona da. 1996ko Europako Karta Soziala berretsi ez izanak agerian uzten du Estatuak demokraziarekiko eta giza eskubideen errespetuarekiko duen konpromiso eskasa", ohartarazi du EH Bilduko bozeramaileak. Hori dela eta, desoreka horri amaiera eman diezaiola galdegin dio ezkerreko indar subiranistak Espainiako Gobernuari, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta sektore sozial ugariren eskubide sozialak "desabantaila eta desberdintasun agerikoan" daudela iritzita.