Kongresua-Senatua

Albisteak

Eskubide Sozialen Europako Gutuna berresteko EH Bilduren egitasmoa babestu du Kongresuko gehiengo aurrerakoiak


1996ko Eskubide Sozialen Europako Karta berresteko asmoz, Mertxe Aizpurua bozeramaileak aurkeztutako Legez besteko Proposamena onartu du Kongresuak, gehiengoz, Europako gainontzeko Estatuekiko eskubide sozialak "desabantaila eta desberdintasun agerikoan" daudela iritzita: "24 urte daramatza Espainiako Estatuak egoera hau konpondu gabe". Ez da batere eredugarria".

| 2020-11-25 12:27:00

EH Bilduk bultzatutako Legez besteko Proposamen bat onartu du, gaur, Diputatuen Kongresuak, Espainiako Gobernuari Europako Gutun Soziala berretsi dezala eskatzeko, herritarren eskubide sozialak babestu eta blindatzeko helburuarekin. "Gutun soziala defendatzea politika soziala eta premia gehien dutenen eskubidea defendatzea da. Politika sozial justuak babestea eta bermatzea". Egitasmoaren egile Mertxe Aizpurua bozeramaileak gogorarazi du Eskubide Sozialen Europako Gutuna bere momentuan berretsi balitz PPren lan erreformaren arlo kaltegarrienak ez lirateke aplikatuko, zuzenbidearen aurkakoak direlako. "Ezinbesteko erreminta da adineko pertsonei gutxieneko pentsio duinak bermatzeko eta bizitza duinak ziurtatzeko. Oso garrantzitsua da lehenbailehen egitea, denbora gehiegi daramatelako exijitzen. Haien aldarrikapenak entzun eta gauzatzeko ordua iritsi da. Duintasuna zor diegu", azaldu du Aizpuruak.

EH Bilduren egitasmoa gaur eguerdian eztabaidatu da Kongresuko Eskubide Sozialen Batzordean, eta PSOE, Unidas Podemos ERC eta EAJren alderdien sostengua jaso du: 22 diputatuk bozkatu dute alde eta 14k, kontra. Aizpuruaren aburuz, gutuna berretsita baldintza duin eta justuetan lan egiteko eskubidea bermatuko litzateke, pobreziari eta bazterketa sozialari aurre egiteko pausoak emateaz gain. "Etxebizitza eskubidea betetzea, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak errespetatzea eta aukera berdintasuna defendatzea ekarriko luke. Baita haur, nerabe eta gazteen eskubideak babestea ere. Babes soziala ziurtatuko lieke milaka pertsona, familia eta adinekoei", zehaztu du.

Nazioarteko itun horrek alor sozialeko giza eskubideak barnebiltzen ditu Eskubide Sozialen Europako Gutunak. 1961ean onartu zuten eta, besteak beste, lanerako, etxebizitzarako, osasunerako eta hezkuntzarako eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzea zuen xede. "Herritarrak babesteko funtsezko tresna da, finean, pobrezia eragozteko eta gutxieneko pentsioak ezartzeko parametro gisa erabiltzen delako", adierazi du Aizpuruak.

Konpondu gabeko gaia

Espainiako Estatuak 1980. urtean berretsi zuen Europako Gutun Sozialaren lehen bertsioa, baina oraindik ez du bere egin 1996an adostutako eguneratzea. Horren ondorioz, 24 urteren ondoren, Europako Gutun Sozialak jasotzen dituen giza eskubideak gaur-gaurkoz ez daude indarrean Espainiako Estatuan. 

"Konpondu gabeko gaia da". Berrikusitako bertsioa berrestearen garrantziaz mintzatu da Aizpurua, hitzarmena hobetu eta beste zortzi eskubide gehitu baitzituen: "Lanerako duintasuna bermatzea; kaleratzeetan babesa izateko eskubidea; enplegatzailearen kaudimengabezia kasuetan, langileen kredituak bermatzea; familia erantzukizunak dituzten langileen aukera berdintasuna bermatzea; enpresetako langileen ordezkariak babestea; kaleratze kolektiboko prozeduretan informazioa eta kontsulta jasotzeko eskubidea kontuan hartzea; etxebizitzarako eskubidea eta pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurkako babesa ziurtatzea".

"Ez da ulergarria ezta eredugarria ere"

EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen hitzetan, Europako Gutun Sozial eguneratua ez berrestea "ulertezina da eta ez da batere eredugarria" — Espainiako Estatua da oraindik berretsi ez duten 11 herrialdeetako bat—. Aizpuruak salatu du 1995eko Erreklamazio Kolektiboen Protokoloak ere onartu gabe jarraitzen duela gaur-gaurkoz, Espainiako Estatuak ez baitu sinatu ezta berretsi ere. "Eredugarria ez den talde baten parte da Estatua. Protokoloa Europako 15 herrialdetan dago indarrean: Frantzian, Portugalen, Belgikan, Kroazian, Zipren, Eslovenian, Finlandian, Grezian, Irlandan, Italian, Herbehereetan, Norvegian, Txekiar Errepublikan eta Suediaz", zehaztu du.

Aizpurua uste du bi hitzarmen horiek berresteak "gizarte-eskubideen babesean beharrezko aurrerapena" ekarriko lukeela, "enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-babesaren eta ongizatearen arloko eskubideak modu zorrotzagoan babestuz". EH Bilduren diputatuak bere egin ditu sindikatuek eta gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeek behin eta berriz eginiko aldarrikapenak, eta gogorarazi du bi hitzarmen horiek jarraipen zehatzak egiteko eta helegiteak jartzeko mekanismo berriak martxan jarriko lituzketela, "hitzartutako neurriak betetzen ez dituzten Estatuen aurrean esku hartzeko".

Giza eskubideekiko konpromiso irmoa

"Nazioarteko betebeharrak onartzea, itun aurreratuenak berretsiz, Estatuek giza eskubideekiko eta berme demokratikoekiko duten konpromisoaren adierazle ona da. 1996ko Europako Karta Soziala berretsi ez izanak agerian uzten du Estatuak demokraziarekiko eta giza eskubideen errespetuarekiko duen konpromiso eskasa", ohartarazi du EH Bilduko bozeramaileak. Hori dela eta, desoreka horri amaiera eman diezaiola galdegin dio gaur Kongresuko gehiengo aurrerakoiak, EH Bilduk proposatuta, Espainiako Gobernuari, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta sektore sozial ugariren eskubide sozialak "desabantaila eta desberdintasun agerikoan" daudela iritzita.