Kongresua-Senatua

Albisteak

Erregearen bortxaezintasuna eta hautetsien foru guztiak ezabatzeko eskatu du EH Bilduk Senatuan


Idurre Bideguren senatariaren arabera, forudun guzti-guztiak kendu beharko lirateke, salbuespenik gabe, «Erregeari bortxaezina izatea ahalbidetzen dioten pribilegioak barne».

| 2020-10-21 09:29:00

Forudun guztiak, salbuespenik gabe. EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu dio beharrezko erreformak egin ditzala aforamendu guztiak ezabatzeko, agintari politikoei, epaileei, Estatuko Segurtasun Indarrei eta Errege Etxeari eragiten dieten pribilegioak kontuan hartuta.

«Justiziaren aurrean denok berdinak izatea bada helburua, forudun guztiak kendu beharko lirateke, salbuespenik gabe, ez gutxi batzuenak bakarrik», azaldu du Idurre Bideguren senatariak. Hala eskatu du ezkerreko indar subiranistak gaur arratsaldean Senatuan eztabaidatuko den mozioari egindako zuzenketa batean. «250.000 forudunetatik, 232.000 Segurtasun Indarren kideak dira, 15.603 Justizian eta Kontu Auzitegian aritzen dira, eta beste 5 Espainiako Errege Etxean», azaldu du emendakina defendatuko duen senatariak.

Bidegurenen ustez, aforamendu guzti-guztiak ezabatu beharko lirateke, «Erregeari bortxaezina izatea ahalbidetzen dioten pribilegioak barne». Horretarako, ezkerreko koalizio subiranistak bigarren zuzenketa aurkeztuko dio hautetsien foruak ezabatzeko egitasmoari. Zuzenketa horren bidez, EH Bilduk «beharrezko erreformak» egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Espainiako Erregearen bortxaezintasuna ezabatzeko. «Foruak ezabatzearen alde gaude, betiere guztiak ezabatzen badira, pribilegio egoerak saihesteko», zehaztu du Bidegurenek.