AKTUALITATEA


| 2022-02-02 13:41:00

«Eskandalu izugarritzat» jotzen duen auzia eraman du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak gaurko kontrol saiora, Elizak modu bidegabean bereganatutako ondasunei dagokiena, zehazki. Espainiako Gobernuak Eliza katolikoarekin berriki lortutako akordioa kritikatu du Bel Pozueta diputatuak. Haren hitzetan, onartezina da hitzartu dutena, 1947az geroztik legez kanpo bereganatutako 100.000 ondasunen legeztatzea dakarrelako. «Nafarroan soilik ia 4.000 ondasunez ari gara hizketan: ortuak, komunalak, frontoiak, ermitak... Eliza Katolikoak udalei lapurtutako 4 milioi metro koadro baino gehiago dira», gogoratu du Pozuetak.

Eskas geratzen dela deritzo Nafarroako ordezkari subiranistak, eta Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosi galdegin dio ez dadila konformatu Elizarekin hitzartu dituen mila ondasunekin eta ez dadila kikildu Espainiako Gotzainen Biltzarraren interesen aurrean. Modu bidegabean bereganatutako ondasunak askoz gehiago direla iritzita, Pozuetak nabarmendu du presazkoa dela harago jotzea aurrekaririk gabeko lapurreta honi aurre egiteko. EH Bilduk diputatuak Bolañosi galdetu dio ea uko egingo dioten Elizak legez kanpo immatrikulatutako ondasun guztiak berreskuratzeari, eta ministroak honela erantzun dio: «Inolaz ere. Gobernuak ez die uko egiten 35.000 ondasun horietako bakarrari ere. Lehen akordioa da lortu duguna, hasiera positiboa. Lortu dugu Elizak aitortzea bereak ez diren ondasunak dituela».

 

Sanchezen promesa betetzeko deia

EH Bilduk, halaber, urteetako espolioari amaiera emateko exijitu dio gobernuari, presioei eta Elizak jarriko dituen oztopoei men egin gabe. «Zer egingo du gobernuak Elizak oraindik bereganatuta dauzkan milaka eta milaka ondasuak berreskuratzeko? Egin ezean, non geratuko da Pedro Sanchezek inbestidura saioan egin zuen promesa? Non geratuko da konstituzioaren aurkako immatrikulazio guztiak atzera botatzeko asmoz hitzeman zuen lege erreforma?». Bolañesek honela erantzun dio: «Emandako aurrerapausoak ez direla nahikoak irudituko zaizkizue zuei, badakit. Baina jakin ezazue gobernu honek mila ondasu berreskuratu dituela azken 25 urteotan ondasun bakar bat ere ez denean berreskuratu. Immatrikulazioen inguruko batzordeak orain arteko bidean lanean jarraituko du, ez izan zalantzarik».

Pozuetak gobernuari gogorarazi dio ez dutela Elizarentzat gobernatzen, herritarrentzat baizik, Espainiako Estatua laikoa baita: «Gobernuaren esku dago bidegabekeria honekin amaitzea. Ausartak izatea espero dugu». Geroz eta ahots eta kolektibo gehiagok galdegiten dute auzi honetan amaieraraino iristea. Ildo horretan, Pozuetak Bolañosi eskatu dio Ondare Historikoaren legearen erreforma eskatzen duten elkarteei entzun diezaiela, eta aintzat har ditzala izaera erlijiosoko ondare kulturalak herriaren esku uzteko egiten dituzten eskaerak. EH Bilduko diputatuaren arabera, ondasu horiek babestu egin beharko lirateke merkataritza-trafikotik aterata. 1978tik immatrikulatutakoa ondasun publiko gisa berreskuratzeko deia egiten du Pozuetak.